Gabonetako aparteko ordainsaria kentzearen eta murrizketan aurka mobilizazioak jarraitzen dute zerbitzu publikoetan
ELAren iritziz, borondate politikoa izanez gero, murrizketak ezartzen dituen dekretua ez aplikatzeko mekanismo errealak egon badaude eta Hego Euskal Herriko, eta kanpoko, instituzio askotan aplikatzen ari dira jada.
EAEn berriki eduki dugun hauteskunde lehia giroan, alderdi ezberdinetako ordezkariek, hemen, EAEn Rajoyen murrizketei aurre egingo zitzaiela sinistarazi nahi izan digute behin eta berriz, eta adierazgarri edo berme gisa, Gabonetako aparteko ordainsaria erabili dute, zerbitzu publikoetako langileei berau ordainduko zitzaiela esanez.
“Adierazgarria da, baina ez ustekabea, hauteskunde emaitza onak lortzeko helburuarekin, behin eta berriz Dekretuaren aurka daudela esanez eginiko adierazpenak egin dituzten administrazioetako arduradunek, azkenean, berau aplikatzea erabaki dutela. Erabaki hau hartzera derrigortuta daudela esan dute, dekretua ez aplikatzeko arazo teknikoak daudela eta murrizketei alternatiba errealik ezin dela aurkitu”.
ELAk planteamendu hau errotik baztertzen du. Murrizketak ez aplikatzea eta alternatibak bilatzea, borondate politiko kontua da. “Borondate politikoa izanez gero, murrizketak ezartzen dituen dekretua ez aplikatzeko mekanismo errealak egon badaude eta Hego Euskal Herriko, eta kanpoko, instituzio askotan aplikatzen ari dira jada.Euskal langileriaren lan baldintzen aldeko eta kanpoko injerentzien aurkako erabaki argi eta sutsu bat ez hartzeak, berez, murrizketak onartzea dakar eta Madrilen erabakitzen diren neurriak babestu eta aplikatzen dituzten instituzioak, berauen kolaboratzaile dira.”
ELAren aburuz, aparteko ordainsariari dagokionez, 2013ko ordainsariak aurreratzeko proposamenak, makillaje hutsa dira. Langile eta gizarteari iruzur egitea da, 2012ko ordainsaria ez bait da ordainduko eta honek, langile hauentzako, beraien urteko soldatan %7ko jaitsiera bat suposatzen du. Azken hiru urteetan jasandako soldata murrizketa metatua, %20 izango litzateke.
ELAk azpimarratu duenez “behin amore ematen duenak, ez du behin ere kanpoko erabakiei argi eta garbi aurre egiteko momentu egokirik inoiz aurkituko, hauek, iraganean eta orain bezala, etorkizunean ere hartuko baitira”.