Galdakao-Usansoloko ospitaleko larrialdietako mediku kopurua %10 murriztu nahi du Osakidetzak

2022/11/03
Araudiaren kontra eginez, Osakidetzak larrialdietako zerbitzuko zazpi mediku behartu nahi ditu Lehen Arretako egiturazko hutsuneak betetzera.

ELAk urteak daramatza Osakidetzak langile gutxi dituela salatzen, lan baldintza penagarriengatik, eta jada odorioak nabarmenak izaten hasi dira. Kasu honetan, Zuzendaritzaren estrategia da ospitaleko larrialdietako lan baldintzak are gehiago prekarizatzea. Zehazki, Osakidetzak erabaki du Barrualde-Galdakao ESIko ospitale-larrialdietako zazpi medikuren kontratuak etetea (plantillaren %10 baino gehiago). Gaur egun, ospitaleko ugentzia zerbitzua 65 medikuk betetzen dute, eta Galdakao-Usansoloko Ospitaleko eta Gernikako Ospitaleko larrialdiak eta traumatologia-larrialdietako zerbitzua betetzen dituzte. Egungo egoeran, profesional gehiago izateko premia larria dago zerbitzu horiek guztiak duintasun minimo batekin aurrera atera ahal izateko, eta Osakidetzaren erabakia 7 profesional alde batera uztea da.

Osakidetzak, beste behin ere, nahi bezala jokatu nahi du kontratazioekin eta aldi baterako langileekin, nahiz eta legez une bakoitzean eskura dauden kontratuak zerrenden arabera eskaini behar dituen. Kontratuak berritzeko baldintza Lehen Arretan lan egitea da. Araudian ezarritakoa urratzen duen xantaia baten aurrean gaude.

Lehen Arretako profesionalen faltaren atzean, aurreikuspen eta planifikazio falta nabarmenaz gain, lan baldintza txarrak daude. Ondorioz, profesionalek uko egiten diote zerbitzu horretan lan egiteari, eta plantillak ospitaleko larrialdiei lehentasuna ematera behartzen ditu. Orain, Osakidetzak lan baldintza prekarioak sortu nahi ditu baita zerbitzu horretan ere, langileak Osakidetza uztera bultzatuz.

Hala, beste behin ere, Zuzendaritzak berak eragindako egoera bat konpondu nahi du lan baldintzak are gehiago prekarizatuz eta langileen eskubideak urratuz.