Galdakao-Usansoloko ospitaleko larrialdietako medikuek salatu dute zerbitzuaren prekarizazioa

2022/11/09
Hamabost mediku baino gehiago elkartu dira ELAn prentsaren aurrean salatzeko Osakidetzak, lan-kargak % 20 igo arren, kontratu mistoak eskaintzen ari dela: % 50 larrialdietan, % 50 lehen mailako arretan.

Galdakao-Usansoloko ospitaleko larrialdietako medikuek - EAEko larrialdietan paziente gehien artatzen dituen zerbitzuetako bat da- zerbitzuaren prekarizazioa eta lan baldintza penagarriak salatu dituzte gaur prentsaurrena, ELAko Bilboko egoitzan.

Lan kargak jasangaitzak bihurtzen ari dira: 2022ko urrian, asistentzia % 20 handitu zen, aurreko urteko aldi berarekin konparatuta. Izan ere, kontsultak edo EAGak ixten direnen heinean eta lehen mailako arretarako itxaron zerrendak luzatu, ohikoa da ospitaleko larrialdietan artatzen diren pazienteen kopurua handitzea. Medikuetako batek adierazi duenez, “ospitaleetako ugentziak komodina izan dira, beste osasun zerbitzuetako gabezientzako. Gainera, Galdakaoko zerbitzuak honako berezitasuna duela gogorarazi dute: “Gernikako Ospitaleko larrialdietako laguntza gure gain hartzen ari gara, eta patologia traumatologikoak eta pediatriakoak ere artatzen ditugu”.

Hala ere, Osakidetzak Galdakaoko larrialdietako plantilla % 10 murriztea erabaki du, 6 langileri kontratua ez berrituta, eta euren lan baldintzekin jolastuz araudia errespetatu gabe. Izan ere, Osakidetzak aurrena ziurtatu die kontratuak mantenduko zaizkiela, gero guztiak alde batera utziko zirela, eta orain kontratu mistoak eskaintzen dizkie, hau da, lanaldiaren % 50 Lehen Mailako Arretan eta beste % 50 Larrialdietan. Langileek, oro har, baldintza horiek ez onartzea erabaki dute: “Hainbat lanpostutako kontratu misto horiek gero eta ohikoagoak dira Osakidetzan. Hutsune guztiak berdin-berdin betetzeko balio dugula iruditzen zaigu. Eta, garrantzitsuena, pazienteen arretaren kalitatea okertzen ari da, eta, azkenean, horiek babesten eta laguntzen saiatzen gara gu”.

Osakidetzak dio erakundeak dituen arazo guztien jatorria maila guztietako profesionalen falta dela, bereziki mediku eta erizainetan. ELAk urteak daramatza esaten benetako arazoa eskaintzen diren lan baldintzak direla. Osakidetzak aurrekaririk gabeko medikuen ihesa jasan du, ez baitzaizkie eskaintzen bizi proiektu duin bat garatzea ahalbidetzen duten lan baldintzak. Kasu askotan, langile horiek atzerrira lan egitera joatea erabakitzen dute, Osakidetzatik kanpo irteera profesionalak bilatzen dituzte, edo zuzenean medikuntza uztera behartuta daude. Egoera horren aurrean, ordea, Osakidetzak zuzendaritzak berak eragindako egoera bat konpondu nahi du baldintzak are gehiago prekarizatuz eta langileen eskubideak urratuz.