Galletas Artiach-eko lanuzteen eta mobilizazioen jarraipen zabala izan dute hitzarmenaren defentsan

2021/11/23
ELAk oso positibotzat jo du Galletas Artiachen hitzarmena defendatzeko deitutako lanuzteen eta mobilizazioen jarraipena. Enpresak mehatxu egin du ez duela oinarrizko inbertsiorik egingo fabrikaren funtzionamendurako, baldin eta plantillak ez badu onartzen lan kostuak murriztea. Horrek berekin dakar soldata murrizketa, lanaldiaren igoera eta malgutasuna.

Era berean, sindikatuak salatu du langileen greba eskubidea urratu dela hainbat neurrirengatik, hala nola, barneko eskirolajeagatik. Enpresak ustezko funtsezko zerbitzu batzuk ere ezarri ditu, grebalariak lanera behartuz. Langile Batzordeak eskatzen du ezkutuko gutxieneko zerbitzu horiek berehala eten daitezela, eta, horretarako, kautelazko neurriak eskatu dituzte.

ELAren iritziz, batzordeak deitutako txanda bakoitzeko lau orduko lanuzteari plantillak emandako erantzunak erakusten du langileak ez daudela prest enpresaren xantaia onartzeko, eta beren lan eta bizi baldintzak hobetzearen alde borrokatuko dia.