BORROKAN, IRABAZTEKO

Garaipenek jarraitzen dute

2023/05/30
2023ko garaipen sindikalak bilduko dituen urtekaria osatzen ari da. Novaltia, ITS, Gertek edo Vicarli Handing dira ELA laneko baldintzak hobetzeko bermerik onena zergatik den erakusten duten adibideetako batzuk

NOVALTIA (ZAMUDIO): EZINEZKOA GARAITUTA

Novaltiako langileek eta ELAk akordio historikoa lortu dute enpresako zuzendaritzarekin 1.345 eguneko grebari amaiera emateko. Soldaten % 26ko igoerak eta 9.450 euroko kalte-ordainak agerian uzten dute “batzuetan ezinezkoa lortu egiten dela”, Mikel Etxebarria Industria eta Eraikuntzako arduradunetako baten hitzetan.

Europako grebarik luzeena izatea ez da garrantzitsuena, Novaltiako langileen borroka latzari perspektiba ematen diola baizik. Farmaziako produktuak banatzen dituen kooperatiba horren zuzendaritzak plantillaren baldintzak hobetzeko eta kolektiborik prekarioenak pairatzen zituen diskriminazioak ezabatzeko emandako etengabeko ezezkoen ondoren, 2019ko uztailean hogei pertsonak greba mugagabea hasi zuten.

Inork ez zuen hain borroka luzea espero, baina enpresak greba eskubidea behin eta berriro urratu izanak eta negoziatzeko interesik ezak egoera okertu zuten. Horren adibide: epaitegiek hamar aldiz zigortu dute Novaltia hiru urte eta zortzi hilabete horietan. Etxebarriaren iritziz, horrek ere agerian utzi du Laneko Ikuskaritzaren “jarduketa eskasa”. “Ez du ezer egin egoera hobetzeko”, adierazi du.

Lehen akordio kolektiboa

Sinatutako greba amaierako akordioa sindikatuak enpresarekin lortu duen lehena da, eta haren aplikazioa eta enplegua bermatzeko neurriak ere jasotzen ditu. Gogoratu behar da Rajoyren lan erreformak enpresek alde bakarretik akordioak ez betetzeko aukera ematen duela. Horri dagokionez, zerbitzu juridikoen laguntzari esker, sinatutakoa aplikatuko dela bermatzen duen artikulu bat sartu da.

Plantilla eta sindikatua “oso pozik daude lortutakoarekin”, Etxebarriaren berbetan. Hiru urte eta zortzi hilabeteren ondoren, Novaltiara itzuli nahi duten guztiek hala egingo dute. Soilik hiruk erabaki dute pizgarriak jasotzea eta enpresa uztea. Grebaren partaide bakoitzarentzat 9.450 euroko kalte-ordaina eta Novaltiak ELAri ordaindu beharko dion 1.345 euroko kopuru sinbolikoa (bat greba-egun bakoitzeko), “borroka enpresaren erruz luzatu izanaren aitorpena dira”, adierazi du.

Elkartasun sindikala

Etxebarriaren hitzetan, garaipena lortzera eraman duten bi faktoreak sindikatuko lankideen babesa eta greban egon diren langileen kemena izan dira. “Erresistentzia kutxarik gabe ezingo genukeen, ezta langileak egunero kalean egon izan ez balira ere, elkarretaratzeetan, protestetan, lantokietan, Bilbon... Bi faktore horiek bateratzea funtsezkoa izan da”.

Greban egon diren langileen borroka “ikaragarria” izan da, Etxebarriaren esanetan. Bere iritziz, greba honek argi uzten du “borroka egiteak merezi duela”. “Aldaketak lortzeko, borroka egin behar da”, amaitu du.

 

ENPRESA AURREAKORDIO BERRIA VICARLI HANDLING-EN (UHARTE ARAKIL)

Zuzendaritzarekin hilabeteetako tira-biren eta bederatzi eguneko mobilizazio gogorren ostean, logistikako langileek sektoreko oso akordio pobrea atzean uztea lortu dute. Aurreakordioak 2026ra arteko indarraldia izango du, eta % 20ko soldata-igoera linealak, osagarrietan hobekuntza garrantzitsuak eta greban zehar kaleratutako bost pertsonak berriro hartzea aurreikusten ditu. ELA, konpainian ordezkari gehien dituen sindikatua, pozik dago lortutakoarekin, eta laneko baldintzak hobetzeko lanean jarraituko duela ziurtatu du.

Vicarli Handling logistika-enpresan lortu den aurreakordioa “duina” da, eta, batez ere, orain arte plantillaren jarduera arautu duena baino “askoz hobea”, Irati Bañuelos Industria eta Eraikuntzako batzorde iraunkorreko arduradunaren hitzetan. Aldeko botoen % 95ekin, langileek, bederatzi eguneko grebaren ondoren laneko baldintzak nabarmen hobetzen dituen eta KPIa bermatzen duen aurreakordioa babestu dute.

Gaur egun, 130 pertsona inguruk egiten dute lan zuzenean Vicarli Handlingen, eta Nafarroako hainbat zentrotan eskaintzen dituzte zerbitzuak, hala nola Acciona-Nordex, Gamesa, Viscofan, Liebherr, Solidus San Andres, Timac Agro edo Caja Rural enpresetan. Zuzendaritzak iraungitzen utzi zuen plantillak bere garaian izan zuen enpresa-akordioa, elkarrizketa-eremua salgaien garraioaren sektorera mugitzeko. Bañuelosen hitzetan, “sektore hori zaharkituta dago, oso taula zaharkituak ditu, eta, adibidez, ez dago subrogazio-eskubiderik”.

Bost kaleratze

Subrogazio-eskubiderik ez dagoenez eta ABLEetatik etorritako langile asko daudenez, enpresaren eta bezeroaren arteko kontratua amaitzen bazen, plantillaren zati handi bat kalera joaten zen. Hala, Solidus Videcart bezeroak Vicarli Handling enpresako langileek hasitako grebaren berri izan zuenean, kontratuari amaiera eman zion, eta logistika-enpresak subrogazio-eskubiderik ez zuten eta greban zeuden bost langileak kaleratu egin zituen. “Enpresak beldurrarekin jokatu du”, adierazi du Dani Narvaez Industria eta Eraikuntza batzordeko kideak. Baina aurreakordioaren barruan, bostak berriro onartu dituzte. Hala ere, Bañuelosek gogorarazi duenez, ELAk hainbat demanda jarri ditu zuzendaritzaren jarduketa batzuen ondoren.

% 20ko soldata-igoera linealaz gain –ELAk hobetzeko lanean jarraituko du, soldata-eskalak ez direla zuzenak uste duelako–, osagarrien hobekuntza da plantillak gehien txalotu duena. Bañuelosek gogorarazi du aurreko hitzarmenean ez zegoela nabarmentzeko moduko osagarririk, eta “ELArentzat garrantzitsua da arreta soldatara ez mugatzea, langileen profilak desberdinak direlako. Lizentzien gaia oso garrantzitsua da”.

Azpimarragarriena

Osagarrien eta lizentzien artean, hamalau urtetik beherakoei eta mendekotasuna duten senideei mediku espezientzialistarengana laguntzeko eskubidea nabarmentzen da. Halaber, ezkondutako eta izatezko bikoteen parekatzea lizentziaren batean, eta edoskitze-baimenak metatzeko aukera aipatu behar dira. Bajei dagokienez, soldata finkoaren % 100eraino osatzea lortu dute lan-istripuen kasuan, eta % 95era arte gaixotasun arrunten kasuan. “Egoera hobetu egin da, baina lanean jarraituko dugu, hobetzeko guneak daude eta”, adierazi du Narvaezek.

 

ITS ETA GERTEK: GARAIPENA GIPUZKOAKO ERREPIDEETAN

Greban 363 egun eman ostean, ITS eta Gertek-eko langileek lortu dute sektoreko gainontzeko enpresen baldintza antzekoak izatea, soldatak %22 baino gehiago igota. Gertek-eko langile guztiak subrogatzea lortu dute ere. Bidegik eta Gipuzkoako Foru Aldundiak oso lan baldintza eskasak eskaintzen dituzten azpikontraten amarauna baimendu dute, eta hori desegiten ari da lanean ELA.

Urte latza izan da greban egon diren ITS eta Gertek-eko langileentzat, baina lortu dute ekinaren ekinaz bilatutakoa: %22az gaindiko soldata igoerekin eta hainbat plus azpimarragarriei esker, sektoreko beste enpresetako baldintza bertsuak izango dituzte hemendik aurrera. “Oso pozik daude langileak, enpoderatu egin dira eta ona da hori”, esan du ELAko Igor San Josek. Eta badu ahalduntzeari buruzko iruzkinak garrantzia, Gertek-eko plantilla bereziki gaztea delako eta beldur zelako zuzendaritzak zelan erantzungo zuen. “Baina ITSko langileen eta sindikatuaren babesari esker animatu egin ziren azkenean greba egitera eta, denok batera, lortu dugu”, San Joseren hitzetan.

Errepideetako mantenu elektrikoaz arduratzen diren bi enpresa hauek AP-1, AP-8 eta N-636an dihardute, Gipuzkoako tarteetan. ITS aldi baterako enpresa elkarte bat da (ABEE), alegia, zerbitzu bat eskaintzeko beren beregi sortutako enpresen elkarte bat. Eta Gertek da elkarte horrek azpi-azpi kontratatutako beste enpresa bat. Azpikontraten amaraun hori Gipuzkoako Foru Aldundiak onartu egiten du, beren menpeko Bidegi azpiegitura agentziaren bitartez.

Enpresa bakoitzeko hamaikana langilek egin dute greba; hogeita bik guztira. “Nahiko kolektibo txikia”, dio San Josek. Arazoa zen ABEEak gero eta langile gutxiago zituela eta azpikontratak gero eta gehiago. ITSkoek greba hasi eta hilabetera animatu ziren Gertek-ekoak ere. ELAra afiliatu eta oso garaipen garrantzitsua lortu dute.

Soldatak %22,38 eta %23,62 artean igotzea lortu dute, lanpostuaren arabera. Baina horrez gain, gau-, asteburu- zein guardia-plusei esker, soldatei beste %10 eta %12 arteko igoera gehitu ahal izango diote. Ospatzeko modukoa ere bada azpikontratazio maila bat ezabatzea lortu izana Gertek-eko langile guztiak ITSra subrogatuta.

Erdietsitako plusen artean azpimarragarrienetakoa da aktibitate plusa. 267 euroko hamabi paga jasoko dituzte hemendik aurrera. Orain arte ez zuten horrelakorik irabazten. Larunbatetan, orduko 4 euroko plusa jasoko dute ere bai, lehen aldiz. Eta igande eta jaiegunetako plusak bikoiztu eta hirukoiztu dituzte, hurrenez hurren. Orduko 5 eta 6 euroko plusak jasoko dituzte. Gabonetan, gauetan eta beste hainbat egoera berezietan ere jasoko dituzte gehigarriak.