Soldata-arrakala

Garbitzaileen grebei esker murrizten doa soldata-arrakala, apurka-apurka

2023/04/03
Irizar, Bizkaia Plaza eta Hondarribiko Udaleko azpikontratatutako langileek greba bana egin zuten, hilabeteetan zehar, eta lortutakoak ospatu egin dituzte. Azpimarratzekoa da soldata-arrakala murrizteko eman dituzten urrats garrantzitsuak.

Irizar (Teliman), Plaza Bizkaia (Zaintzen) eta Hondarribiko Udaleko (ISS) garbitzaile azpikontratatuek lau eta zazpi hilabetetako grebak egin zituzten 2022an, urte amaierara arte ia. Sektore feminizatua izanik, grebei esker sinatutako akordio berriek garrantzia berezia daukate. Batez ere nabarmentzekoak dira soldata-arrakala murrizteko emandako urratsak, hori baita plantillen eta ELAren borroka nagusietako bat.

Gipuzkoako bide-garbiketan, 25.500 euro irabazten dituzte urtean (plantillaren %76 gizonezkoa da). ELAk hitzarmen hori erabiltzen du sektorearen soldata-arrakala neurtzeko EAEn, autonomia erkidegoaren batezbesteko soldata daukatelako. Hiru akordio berri horiei esker, Irizar, Plaza Bizkaia eta Hondarribiko Udaleko garbitzaile azpikontratatuek alde hori nabarmen murriztea lortu dute.

ELAren erresistentzia kutxa berebizikoa izan da Hondarribiko Udaleko langileentzako. Zazpi hilabete iraun zituen beren grebak eta, azkenean, erosahalmena bermatuko dien akordioa sinatu dute, bai eta erabilera libreko bi egun izateko eskubidea ere.

Plaza Bizkaiako langileek, bere aldetik, lau hilabeteko greba egin zuten eta ia %20ko soldata igoera lortu zuten. Horrez gain, lanaldi osoa lortu arte lanorduak hazteko sistema ere ezarri dute. Sistema horrek, halaber, lanean denbora gehien daramaten pertsonei lehentasuna emango die.

Irizarreko garbiketa-lanetarako azpikontratatuta dago Teliman, eta enpresako langileek 2017tik 2025era bitartean indarrean egongo den akordioa sinatu dute, KPIa bermatzen duena eta beren aldarrikapen nagusiak jasotzen dituena. Bajen ordezkapena, blindazioa eta behin-behineko langileen lan-poltsaz gain, nabarmendu behar da toxikotasun-plusa aitortu dietela eta enpresak arazo hori konpontzeko konpromisoa hartu duela. Azpimarratu beharra dago pandemian zehar garbiketa-lana egin zuten Irizarreko langile ez azpikontratatuek jaso zutela plus hori.