Garikano izango da Gizalan federazioko idazkari nagusia

2007/11/30
ELAren Gizalan federazioak bere bigarren biltzar federala egin du gaur, azaroaren 30ean, Barakaldoko BEC erakustazokan. Biltzarraren leloa “Langileen gizartea eraikiz" izan da. Orotara federazioko 183 delegatuk hartu dute parte; delegatuek Izaskun Garikano Gizalan Federazioko idazkari nagusi bezala aukeratu dute bigarrengoz, bozen %81,55 lortu.

Elorrietak zerbitzu publikoen hondamena salatu du

Jose Elorrietak, ELAren idazkari nagusiak, administrazioen aurrekontuetako politika salatu du ELA-Gizalanen kongresuan, gizarte politiken eta gizartearen beharren gainetik superabita jartzen dutelako helburu. “ Administrazioak gizarte ereduaren eta gastu eta zerga politiken arabera ezagutu daitezke. EAE eta Nafarroako agintariek behin eta berriro zergak murrizten dituzte, aurrekontuak superabitekin itxi. Noski, gizarte zerbitzuen hondamena gero eta handiagoa da horrelako agintariekin”.

Elorrietak osasun publikoaren inguruko gatazkaz mintzatu da ondoren. Bere esanetan, osasun saileko arduradunek pribatizazioaren aldeko apustua egin dute eta arlo pribatuarekin duten ituna modu maltzur batean erabiltzen ari dira, talde txiki eta korporatiboekin akordioak lotuz, langileen eta baliabideen arloko inbertsioak alde batera utziz.

Era horretan, zerbitzu publikoen hondamena barrutik nabarmena dela azpimarratu du, eta zenbait alor bereziki garrantzizkoetan, gizarte laguntza bezala, negozioko iturri erakargarria bihurtu direla gaineratu du.

Arlo publikoan lan baldintzak azkenaldian jasan dituzten erasoei arreta berezia eskaini die Elorrietak bere hitzaldian. “Administrazioek, bereziki azpi-kontratazioen bitartez, euren langileen lan baldintzak zapuzten ari dira. Gaur egun ELAren aldarrikapen nagusienen artean dago arlo publikoko behin-behinekotasunaren eta diskriminazioaren aurkako borroka ”.

Bere esanetan, “arazoa ez da bakarrik administrazioek barneratuta duten politika neoliberala, arazoa da gaur, gainera, enpresarien lobbyek Jaurlaritzan agintzen dutela; agintzen dute euren politika publikoetan, politika sozialetan eta agintzen dute autogobernuaren norabidean ere.
Bere aldetik, Izaskun Garikanok, Gizalaneko arduradunak, gestio txostena aurkeztu du. “Arlo publikoaren kontra bideratzen ari diren erreforma-moldeen artean pribatizazioa da argien sumatzen dena", adierazi du.

Bere hitzetan, “enpleguak galtzen dira eta askoz maila okerragoa dutenak sortu, bai sektore publikoan zein pribatuan; gizarte zerbitzuak galtzen dira eta ez zaie premia berriei erantzuten; prezioak etengabe garestitzen dira eta, horrenbestez, publiko behar luketen zerbitzuek eraginiko gastuetara bideratu beharra dute familiek bere errenta-zati gero eta handiago bat ”.


Gizalaneko idazkari nagusiak salatu duenez “ohiko praktika bihurtu da administrazioan gutxiengoarekin akordioak sinatzea. EAEn ohikoa da Sail edo Departamentu ezberdinek egiten dituzten eskaintzak onartzen dituzten siglekin akordioetara iristea, sigla horiek kolektibo osoaren gutxiengo nabarmena izan arren, apenas ordezkaritzarik duten siglak”.