garraio publikoa

Deskontuak mantentzea borroka sozialari esker lortutako garaipena da

2024/01/04
ELAk Bizkaiko Foru Aldundiaren aurrean egin den mobilizazioan parte hartu du, EAJk eta PSEk herritar gehienak beherapenik gabe uzteko erabakian atzera egin behar izan dutela ospatzeko.

Duela astebete jakin zen EAEko hiru lurraldeetan, modu itunduan, BAT, Mugi edo Barik txartelekin bidaiatzen duten pertsona asko garraio publikoan deskonturik gabe uztea erabakia hartu izan zutela. Erabaki horrek eragin berezia izan zuen Bizkaian.

Neurri horren berri izan genuenetik, hainbat sindikatuk eta gizarte-mugimenduk gure gaitzespena erakutsi dugu; izan ere, horrela, herritar guztiak zigortzen ari ziren, eta, bereziki, kolektibo ahulenak, eta, aldi berean, garraio publikoa sustatzearen eta garraio pribatuaren erabilera murriztearen aurka zihoazen.

Aste honetan zehar hainbat kanpaina eta mobilizazio egin ditugu deskontuak mantentzea eskatzeko. Bizkaiko Garraio Partzuergoak deskontuak luzatzeko gaur hartuko duen erabakia garaipen bat da, aste honetan zehar egin dugun borroka sozialari zor zaiona.

ELAk, nolanahi ere, neurri horren aplikazioa hilabete atzeratzeko Partzuergoaren asmoa baztertu nahi du, eta deskontuen aplikazioa iraunkorra izatea ere eskatzen dugu, eta ez urtebeterako bakarrik. Ez dago garraio publikoa garestitzea justifikatzen duen inolako arrazoirik.