Garzonek Batasunaren “izatezko ilegalizazioa” bultzatzen du

2002/07/05

ELAren aburuz, Garzonek Batasunaren ondasunak bahitzeko eman duen agindua koalizioaren “izatezko ilegalizazioa” da. German Kortabarria ELAren komunikazio arduradunaren iritziz, erabaki hau jasotzen duen autoa “guztiz ideologikoa da, aurreiritziz josia, eta argi dago argudio juridikoak garatu aurretik bere xedea erabakita dagoela, argudio horiek guztiz eskasak eta logikarik gabeak baitira”.

Kortabarriarentzat, kasu honetan zuzenbide estatu baten gutxieneko bermeak ez dira bete. “Ez dago araurik, ez bermerik; zuzenbide estatua estrategia politiko baten mesedetan erabiltzeko tresna bihurtu dute”, azpimarratu zuen ELAko arduradunak. Erabaki honekin Batasunari “kalte larria eta konponezina” egingo diote, eta euskal gizartearen sektore bati “ekintzarako eta biltzeko bitartekoak” ukatuko dizkiote.

German Kortabarriak esan zuenez, euskal gizarteak behin eta berriz adierazi du honelako neurrien aurkako jarrera, “gure herriko bizikidetzari kalte egiten baitiote, eta gaitzagoa bihurtzen baitute; horrela aski zaila den egoeran gasolina jaurtitzea besterik ez dute lortzen”.