Garzonek erabaki politiko bati estaldura judiziala eman dio

2008/02/08
ELAko Nazio Batzordearen iritziz, EHAK eta EAE-ren jardunak eteteko Garzon epaileak hartutako erabakiak estaldura judiziala eman dio Gobernu sozialistaren aldez aurreko erabakiari, hau da, “askatasunen alde eta terrorismoaren aurka” delako estatu-ituna betez harturiko erabakiari.

ELA behin baino gehiagotan azaldu da Alderdien Legearen aurka, eta baita ere, partehartze politikorako eskubidea murriztea ekarri duen Prozedura Kriminalaren Legea oker erabiltzearen aurka. Orain, ELAk jendaurrean salatu nahi du legez kanpo utzitako erakundeen eta haien kideen babes gabezia, eta baita prozesu horien arbitrariotasuna ere. Nahierara jokatze horrek sustatzen duen kultura politikoan giza eskubideak ez omen dira kontrako alderdian daudenentzat.

ELAk salatzen du, halaber, bistakoa dena, hots, hauteskundeei begira egindako kalkulu baten arabera burutu dela ilegalizazio eta etendura prozesu hori. Halaxe da, data jakin baterako burutu nahi zen legez kanpo uztea, egintzak bidezko eran egiaztatzea baino. Gobernuaren erabakiari eusteko, iritzi publikoa erakarri nahi izan dute, komunikabideen eta poliziaren laguntzaz, eta horretarako: tortura zantzu nabariak ukatu, zenbait epai (Gasteizko Legebiltzarreko mahaiari buruzkoa, adibide) komeni den egunean argitaratu, edo erakunde armatu bateko ustezko kide garrantzitsuak egun batean atxilotu eta hurrengoan –kargurik gabe- askatu egin dituzte...

ELAk Alderdien Legea indargabetzeko eskatzen du, herri honetako gehiengo politikoak eta sozialak uko egiten baitio. Eta herri hau baino ez zuten gogoan parlamentariek legea prestatu zutenean, eta herri hau baino ez dute gogoan Espainiako gobernuek aplikatzen dutenean. Eskubideak dituzten milaka pertsonen adierazpen politikoa bertan behera uztea onartezina da demokrazian . ELAk gogorarazi nahi du   , hauteskunde-adierazpena honek ordezkatzen duen eremu sozio politikoa  hainbat aldiz zilegiztaturik  izan dela bozketetan eta, alde horretatik ere, beharrezkoa da bere presentzia herri honetan.

 Bestalde, “ingurune” doktrina erabiltzearen ondorioz sortu den egoera sozial eta politikoaren larritasuna azpimarratu nahi dugu ELAtik. Izan ere, euskal gatazkari izaera politikoa ukatzeko ez ezik, orain hainbat pertsona kondenatzen da, banda armatuko kide direlakoan, edo hari lagundu diotelakoan, eta egiatan bestelako kontuetan ari izan dira, besteak beste, ideiak zabaltzen, presoen eskubideak betearazten, torturak eta tratu txarrak salatzen, euskara sustatzen edo gizarte-mugimenduak, orokorrean, bultzatzen.

Erabaki horiek guztiek argiro erakutsi digute espainiar estatuak ezin diola euskal gatazkari heldu, bide politikoetatik, behintzat; eta beraz, gero eta sinestuago gaude Estatuak nekez eskain dezakeela irtenbide demokratikorik. Hori beste arrazoi bat izan beharko zen, ELAren iritziz, aldaketa politikoaren alde dauden euskal indarrek borroka-moduak eta jokabide politikoak berraztertzeko, eta eskubide-urratzeak zuritzeko balio dutenak alde batera uzteko. ELAren ustez, berraztertze horrek orain arte ikusi ez ditugun bideak irekiko lituzke prozesu politikorako, Estatu-indarkeria estaltzen duten tresnak desegin, eta erasoen maila bereko gizarte-erantzunak antolatu.

ELAren Nazio Batzordeak euskal esparru juridikoak jasaten duen etengabeko karruskapena salatu nahi du, berez menpekoa eta ordezkoa den markoa, hain zuzen. Karruskapen honen erakusle dira legez kanpo uzteak ere, estatuen interesen arabera onartu eta debekatzen baitira  euskal hauteskunde-adierazpenak, bertako autogobernuaren erakundeei inongo babesa emateko aukera zapuzten zaiolarik.

Azkenik, ELAk eskatzen die euskal erakundeei, zeinek bere eraginpeko esparruan, ordezkapen eta partehartze politikoen funtsezko eskubide eta eginbeharren erabilera arautzeko. Eta Eusko Legebiltzarrari, alderdi politikoen sorrera, onarpena, antolamendua eta ezabapena jasotzen dituen erregimena babesteko eta arautzeko, hala onetsi baitzen Parlamentu horretako Mahaian (PNV, EA, EB eta SAren botoez), 2003ko maiatzean, EAEko Alderdi Politikoen Lege-proposamen bidez.