Gasteiz eta Iruñeako gobernuen aurrekontuak salatzeko manifestazioak

2010/12/10
Gehiengo sindikala osatzen duten sindikatuek, ELA, LAB, STEE-EILAS, EHNE eta HIRU sindikatuek manifestazioa deitu dute abenduaren 15rako Gasteizen eta 23rako Iruñean, gobernuen aurrekontu antisozialak salatzeko.

Euskal Autonomia Erkidegoko zein Nafarroako Gobernuek 2011ko aurrekontuen zirriborroak aurkeztu dituzte. Eta, langile-jendearen ikuspuntutik ezin okerragoak dira. Gastu publikoa nabarmen murrizten dute sail eta atal guztietan, honek ekarriko dituen ondorio kaltegarriekin: krisiaren eragina areagotuko da eta langabezia zein babesgabetasun soziala handituko dira.

Adolfo Muñozek azpimarratzen duenez, ez dago agintean dauden horiek egiten dituzten politikak aztertu besterik noren alde eta noren mesedetan agintzen duten ikusteko. “Uneotan agintzen dauden horiek, zer egiten ari dira? Lehendabizi, eta hau oso larria da, gezurretan aritzea. Behin eta berriz esaten digute krisiari aurre egiteko gastu soziala murriztu beste irtenbiderik ez dagoela.

Azken hilabeteetan onartu diren erreforma ezberdinak –lan merkatua– eta hemendik aurrera onartuko direnak –negoziazio kolektiboa, pentsioena...– patronalari eta bankari eskainitako txeke-zuria besterik ez dira. Euren nahi eta desio guztiak bete dituzte. Jakingo bagenu zein pozik dagoen Botin plastilinazko politikari hauekin!”.
Egoera honen aurrean mobilizatu beste irtenbiderik ez du ikusten ELAko idazkari nagusiak. “Nortzuk dira gastu publikoa eta gastu soziala murriztearen kaltetu nagusiak? Gehien behar duten horiek. Enplegua, hezkuntza, osasuna, pobreziaren aurkako borroka, beharrezkoak diren inbertsio publikoak... Horiek guztiak jasango dituzte ondorioak.

Horren alde eta horien alde mobilizatu behar dugu. Argi izan behar dugu zein den mugimendu sindikalaren oinarrizko erreferentzia: aberastasunaren bidezko banaketa lortzea, elkartasuna lehentasuna izango duen eredu baten alde borrokatzea. Eta, helburu horietatik ezin gara aldendu”.
Interesen arteko talka gero eta nabarmenagoa dela uste du Muñozek. “Langileok ez dugu kapitalarekin eta kasta politikoarekin inolako zerikusirik. Euren agintzeko era iluna da: gezur handietan oinarritzen da, informazioa ezkutatzen digute, eztabaida ukatzen dute, demokraziaren arauak gutxiesten dituzte.

http://www.ela-sindikatua.org/home-eu/gizarte-politikak/gastu-publikoa/abenduak15eusk.pdf