Mobilizazioak

Gasteizeko Betico enpresan izandako lau kaleratzeak gaitzetsi dituzte langileek

2023/02/23
ELAk adierazi duenez, 25 urtetik gorako antzinatasuna dute lau kaleratuek. 16 ERTE egin ditu enpresak 2009tik hona eta hartzekodunen konkurtso bat ere bai. Soldatak ere murriztu dizkiote plantillari.

Konpresoreak egiten ditu Betico Compressors SAU enpresak, Gasteizen, eta lau langile kaleratu ditu. Horregatik, elkarretaratzeak egiten ari dira lantokiaren atarian aste honetan, goizeko lan txandaren ondoren.

Beticok 48 langile ditu eta, 2009tik hona, 16 ERTE egin ditu, bai eta hartzekodunen konkurtso bat eta soldatak murrizteko zenbait neurri martxan jarri. Horregatik guztiagatik, batzordeak mobilizatzea erabaki du.