Gasteizko alkatea ELAren aurka

2009/08/04
Gasteizko Udaleko ELAren Sindikal Sailak publikoki salatu nahi du udal honen arduradunak erakutsi duen sindikatuen aurkako jarrera.

Legealdiaren erdira iritsita, Patxi Lazcoz Jaunak argi utzi nahi izan du hautes-kanpainan agindutakoa, alegia, elkarrizketa, adostasuna eta gardentasuna, horixe bera zela, hautes-kanpaina besterik ez.

Horren adibide ugari ditugu, udal langile eta zerbitzuei eragiten dien aldebanako erabakiak, hain zuzen:

-          Udal Haur Eskolen desegitea, Haurreskola Partzuergoari emateko, negoziatzeko aukerarik gabe eta horko langileen etorkizun profesionalaz ezer jakiteke.

-          Musika Eskola eta Folklorearen Akademiaren bategitea langileei bizkar emanda egin izana eta erabaki horren ondorioak jakin gabe.

-          2008ko hitzarmena batere negoziatu gabe dekretuz inposatua, Udalhitz-etik aparte eta 2009rako akordioetara iristeko borondaterik gabe.

-          OPE/EPE deialdiak ez betetzea ez eta lanpostuen sendotzea, naiz eta gauza bera exijitu beraiek PPri oposizioan zeudenean.

-          Lan arloko politika eskasa, motela eta konpontzeke dauden gaiak bideratzeko gaitasunik gabekoa ( lanpostuen balorazioa, formakuntza, uztartze neurriak garatzekoak, Elkarkidetza…). Gainera, diziplina espedienteen ugaltzea ekarri du honek, gobernuko ekipoarekiko “gertutasun edo urruntasunak”  ondorio ezberdinak ekarri dituelarik espedientaturikoentzat, eta ez eginiko akatsa.

Azken hilabeteotan lan harremanei eta langileen ordezkariei dion begirune eskasa erakutsi du, agintekeriaz jokatuz, udaleko sindikal sailen egoitzak lekualdatzeko hartutako erabakia hori baita, agintekeri hutsa.

Aurtengo martxoan jakin genuen, hedabideak medio, sindikal sailak eta komiteko egoitzak Funtzio Publikoaren departamentuarekin batera , lekuz aldatuko gintuztela.

Hainbat aldiz bilera bat eskatu ondoen informazioa jasotzeko eta gure beharrak helarazteko, alkateak ez gaitu hartu nahi eta ezkutuan jokatuz, uztailaren 7an aditzera ematen zaigu hirugarren adineko egoitza batetan kokatuko gaituztela sindikatuak.

Sindikatuen lokalentzat pentsatutako lokal berriak Funtzio Publikoaren departamentutik aldendurik daude, orain arte Departamentuak  betetzen zuten lekuaren (sindikatuarenak barne) bikoitza duelarik. Beraz, arazoa ez da espazio arazoa baizik eta, argi eta garbi esanda, ekimen sindikala zailtzea, azken finean Funtzio Publikoarekin harremanak egunerokoak dira eta beharrezko gertutasuna eskatzen du afiliatuei zerbitzu on bat eskaintzeko.

Erabaki honekin Hiria Antolatzeko Plangintza Orokorrean idatzitakoa ez da betetzen, zeren eta erresidentziako bulegoek ez dute legezko eskakizunak ez eta irisgarritasunekoak. Bide batez, Udaleko lan-hitzarmena ez da betetzen langileen ordezkaritzari eskaini behar zaizkion bitartekoetan ere, eta bide batez Askatasun Sindikalaren Lege Organikoan jasotako oinarrizko eskubideak urratu egiten dira.

ELAko Sindikal Sailak San Prudentzio Hirugarren Adineko egoitzara EZ JOATEA erabaki dugu

 

1.      eraikin horri beharrezkoa den erabilera ez emateak  gizarteari iruzurra egitea dela uste dugulako

2.      duintasun sindikalaren izenean, langile eta bere ordezkarien errespetoaren defentsan

3.      nork agintzen duen erakusteko, askatasun sindikala urratuz eta zentzu naturalenari muzin eginez, agintekeriaz sortutako gatazkari irteera negoziatua exijitzen dugulako

bestalde, ELAko zerbitzu juridikoak salaketaren bideragarritasuna aztertzen ari dira, bai sindikatuen aurkako jarreragatik eta, baita ere, zahar egoitzaren bulegoak okupatzeko beharrezko baimenik ez dagoelako.