Gasteizko Estampaciones Rubi Enpresa Batzordeak hiru greba-egun egiteko deia zabaldu du

2017/01/18
Estampaciones Rubi Gasteizko enpresa da, IPM taldeari dagokiona; eta bertako batzordeak hiru egunetarako greba-deia egin du. Greba urtarrilaren 18an, 25ean eta 26an egingo da hiru lan-txandetan eta lanaldi osoan.

Enpresak 180 langile baino gehiago ditu, eta metalezko piezak ekoizten ditu automobilgintzako enpresetarako; batez ere, Mercedes, Seat, Citröen, Opel eta Iveco enpresetarako.

Grebari eusten dioten sindikatuak LAB, ELA, ESK eta UGT dira, eta grebaren zergatia Zuzendaritzak egin duen proposamenari, “lorturik dauden eskubideak eta lan-baldintzak murrizteko eta prekarizatzeko” proposamenari erantzutea da. Hala eman du jakitera enpresa-batzordeak.

Langileen ordezkarien arabera, Rubiko Zuzendaritzak dituen asmoak hauek dira: antzinatasuna eta soldatak 2015eko tauletan izoztea, errelebo-kontratua kentzea, soldata-igoera ez-finkagarria eta mozkinei lotua izatea, eta sarbideko peoi espezialistaren kategoria berri bat sortzea (urtean 10.000 €-tik gorako aldea izango zuena).

Enpresa-batzordeak ohartarazi duenez, hitzarmenaren inguruko akordioa hurrengo egunetan lortu ezean, mobilizazioak bultzatzeko aukerak ez dira baztertuko.