Gasteizko Gamarra S.A. galdategian lehen enpresa hitzarmena lortu da

2022/03/24
Gasteiko 72 langilez osatutako Gamarra galdategian 2022-2023 urteetarako enpresa hitzarmena sinatu dute langile batzordeak eta zuzendaritzak. ELAk balorazio positiboa egiten du hitzarmenaren edukiaz eta negoziazio prozesuaz. Kontuan izan behar da enpresa honetan soldata igoerak beti KPIren batez bestekoari lotuta egiten direla, eta aurten ere lortu da igoera hori, nahiz eta KPIa oso altu izan. Gainera, sindikatuak azpimarratu du lantokietan antolatzeak daukan balioa; izan ere, Hitzarmen Kolektibo honen bidez lortu da prekarietatea desagerrarazte bidean aurrerapausuak ematea. Bazen garaia langileek sortzen duten aberastasuna banatzen duen negoziazio kolektiboa egiteko.

Besteak beste, hitzarmenean honako hobekuntzak jasotzen dira:

  • Enpresa hitzarmen kolektiboa ituna beharrean

  • Lan erreforma blindatzeko artikuluak: ultraktibitatea, inaplikazioa...

  • Soldata igoerak

  • Soldata taulak: Behingoz Hitzarmen kolektiboak taulak jasoko ditu, non ageriko diren kobratu beharreko kontzeptuak.

  • Lanaldia: Lanordutzat hartuko direnez, ordaindutakoak izango diren 15 minutuko deskantsuak.

  • Bajen osagarria: Pandemia garaiko gaixotasun kutsakorrak %100era osatzea.

  • Pandemia garaiko gaixotasun kutsakorra hartzearen ondoriozko kaleratzeen kasuan, langileak aukeratu ahal izango du enpresara itzuli edo indemnizazioa jaso.

  • Lanaldiaren %100 erregularra izango da.

  • Batzorde bat eratuko da enpresa eta langileen ordezkarien artean orain arte zeuden kategoriak deuseztatzeko eta kategorien sailkapen berria egiteko.