Gasteizko Gobernuak gehiengo sindikala HOBETUZ-tik kanporatzen du

2007/11/21
Ez da harritzekoa. Horrelako zerbaiten zain geunden. Hezkuntza Sailak —EAren eskuetan— eskumen horri, Estatutuan agertzen den bezala, uko egiteko erabakia hartuta zeukan, eta Sail horretatik iragarri zuten onartuko zutela Madrilek emandako finantzaketa, gehiengo espainolek etengabeko prestakuntzaz Madrilen erabakitzen dutena egiteko.

Orain, 2007ko azaroak 19, Jaurlaritzak falta zen pausoa eman du: agindu batzuk eman ditu, alde bakarreko onarpen hori HOBETUZen gauzatzeko, HOBETUZen bertan erabaki horren aurka agertu arren.

Agindu horiek, Gobernuak bere kabuz bakarrik eman dituenak, hurrengo ondorio hauek dakartzate:

1.- Gobernuak barre egin die HOBETUZen harturiko erabakiei. Fundazio horrek, bere arau demokratikoei jarraiki, 2007ko urriaren 11ko eta 30eko bileretan ezetza eman zion finantzaketa horri, eta baita HOBETUZ helburu horretarako erabiltzeari ere.

2.- Hori gutxi balitz, Gobernuak HOBETUZen eskuetan utzi du etengabeko prestakuntzaren sistema espainola gauzatzea.

ELA eta LAB sindikatuontzat, begibistakoa da Gobernuak erabaki horren ondorioak haztatu dituela, eta jakinean dagoela horrela jokatzeak gu HOBETUZetik kanporatzea dakarrela. Hori guztia bazekiten, eta horrexegatik egin dute.

HOBETUZ 1995ean sortu zen, Lan Sailean PSE-EE zegoen garaian. Orduan akordio bat egin ahal izan genuen, eta etengabeko prestakuntzarako eredu jakin bat erabaki genuen EAErako; orduko hartan lehentasuna eman genion etengabeko prestakuntza zentro ofizialetan emateari, eta ez sindikatu edo patronal-elkargoentzako finantzaketa lortzeari.

1995az geroztik, CC.OO., UGT, Espainiako Gobernua eta patronala eredu bateratua EAEn ezartzen saiatu dira. Bada, 12 urte igaro ondoren, zeinek eta EAren Sail batek, gehiengo abertzalea duen Jaurlaritza baten barruan, erabaki du proiektu hura pikutara bidaltzea, eta beste batzuek harturiko erabakien sukurtsala izatea. Eta hori guztia gauzatu ahal izateko, HOBETUZen arau demokratikoak alde batera utzi dituzte. Joko-arauak eragozgarri bihurtu baitira Gobernu honetarako.

ELA eta LAB sindikatuontzat ez zaigu oharkabean pasatu diseinu hori erabaki zutenek bazekitela hasieratik bide horretatik abiatzearen ondorioz gu bazterrean geratuko ginela, edo bestela esanda, bazekitela erabaki kalkulatu horien ondorioz gu kanpora joango ginela.

ELAk eta LABek adierazten dugu hauxe dela Gobernu honen benetako aurpegia. Honelako gertakariek erakusten digute noraino iristen den gure erakunde abertzaleen borondatea, autogobernuarekiko. Bitxia bada ere, subiranistak gogaikarri bihurtu gara Gobernu honentzat.