Epaitegiak legez kontrakotzat jo du Ejie, S.A. (Eusko Jaurlaritzaren Informatika Elkartea) enpresaren %5eko soldata-murrizketa

2016/07/12
Gasteizko Lan-arloko 4 zenbakiko Epaitegiak deklaratu duenez, Ejie, S.A. (Eusko Jaurlaritzaren Informatika Elkartea) enpresa publikoak bere langileei egindako %5eko soldata-murrizketa ez dator bat zuzenbidearekin; horrela berretsi da Auzitegi Gorenak Euskal Telebistako eta Eusko Irratiko langileekiko ebatzitakoa.

Soldata-murrizketa horren hasiera EAEko 2010ko Aurrekontu Orokorren Legean dago, orduan Patxi Lopezen gobernuak EAEko sozietate publiko guztietako langileei murrizketa hori egitea agindu zuen. 2015eko uztailaren 31n, ordea, murrizketa hori deusez deklaratu zuen Konstituzio Auzitegiak.

ELAk berriro eskatu dio Eusko Jaurlaritzari zuzentzeko, %5eko murrizketa sozietate publiko guztietatik berehala kentzeko, eta 2010az geroztik eragindako diru-kaltea konpontzeko. Hala egiten ez badu, borroka sindikal eta juridikoan jarraituko dugu eskatutakoa lortu arte.