Gasteizko Mercedesek, atzerapenak medio, bost miloitik gora ordaindu beharko dizkie langileei

2012/04/17
Auzitegi Gorenak Mercedes, langileei zor dizkieten atzerapenak medio, 5 miloitik gora ordaintzera behartzen du ELAk sartutako demanda baten ondorioz.

 

Auzitegi Gorenak ELAri arrazoia eman dio 2010eko urtarrilean Mercedesen aurka hasitako auzi batean; honen ondorioz, enpresak 5 milioi euro ordaindu behar dizkie Gasteizko lantegian dihardutenei. Auzia aurretik indarrean egon zen hitzarmenean (2007-2010 epeari zegokiona) jasotako soldata-igoeraren inguruan piztu zen; hain zuzen, enpresak 2008an eta 2009an langileei soldatan deskontua egin zien, KPI erreala (hurrenez-hurren %1,4 eta %0,8) aurreikusitako %2 baino txikiagoa izan zelako argudioaz. Enpresak alde bakarreko erabakiz horren araberako zenbatekoak langileen nominatik kendu zuen

ELAk, hitzarmena sinatu ez bazuen ere, langileentzako posiziorik egokiena defenditu zuen, akordioa egin zuten sindikatuek (UGT, CCOO, USO eta Ekintza) ezikusiarena egitea erabaki zutelarik. Ondoren, auzitegietan bide zail bat eginda, martxoaren 26an jakinarazi ziguten Auzitegi Gorenak ELAren aldeko epaia eman zuela, eta enpresa behartu egin zuela zerbitzu juridikoek eskatutako zenbatekoak ordaintzera.

Enpresako zuzendaritzak bazekienez ELAk auzia irabazteko aukerak bazeudela, 2011-2015 epealdirako hitzarmena negoziatzerakoan sinatzaileei (UGT, CCOO, USO, Ekintza eta CGT) bestelako tratu bat onar zezaten lortu zuen, oraingo egoera berriro gertatzea saihesteko.

ELAk enpresari exijitzen dio epaia onar dezala eta berehala ordain diezaiela langileei zor dizkien zenbatekoak.