Gasteizko Sidenor enpresan enplegua kolokan
Gasteizko Gerdau-Sidenor enpresaren Zuzendaritzak eman dizkigun azken informazio urriak ikusita, ELAk jakinarazi nahi dio iritzi publikoari Gasteizko lantegi ospetsu hori kinka larrian dagoela.
1.- Zuzendaritzak jakinarazi digunez “industria-plan” berri bat dago lantegirako. Eta horren arabera CONTI ijezketa-trena itxiko da. Tren horretan ekoizpen-langileen erdiek lan egiten dute, 90 lagunek inguru.
2.- Enpresak eman duen azalpen bakarra zera da: proiektu bat dela, eta hemendik aurrera arian-arian ekoizpen hori gure lehiakideen lantegi batean egingo dela, eta Contik 2014ko udan utziko diola ekoizteari behin betiko.
3.- Altzairutegia itxi zenetik, tren hori izan da enpresaren baliorik handiena, eta horrek pentsarazten digu itxiera hori plan baten barruan dagoela, edo bestela esanda, CONTIren amaiera Gasteizko lantegi osoaren amaieraren hasiera dela.
4.- Enpresa ezkutuan ibiltze horrek oso giro nahasia sortu du lantegian. Izan ere, zantzu guztiek ematen dute aditzera Gasteizko lantegia epetan itxiko dela, eta itxiera-plan horren lehenengo kaltetuak behin-behineko langileak izango direla, eta gero edozein sailetako langile finkoak.
ELAtik exijitzen diogu enpresari etorkizuneko industria-proiektu bat aurkezteko, Gasteizko lantegiari buruz dituzten benetako asmoak argi eta garbi adieraziz.