Gasteizko Udaleko hauteskunde sindikalak irabazi ditu ELAk eta EAEko hiru hiriburuetako Udaletan gehiengoa dauka orain
CCOO izan da bigarren sindikatu bozkatuena, ELAk baino %58 bozka gutxiagorekin. Honen ostean, gertu, LAB. Eta atzetik, ESK, SIPLA + ESAN, ErNE eta Euspel izan dira. Atzoko bozken zenbaketa eta horrek emandako delegatu kopurua ikus daiteke beheko taulan.
Atzoko emaitzak eta gero, eta Udaleko langile laboralei dagozkien delegatuak batuz gero, Gasteizko Gobernuan guztira dauden 36 delegatuetatik 17 dira ELAkoak; %47,2, alegia. CCOOk 8 ditu, LABek 5, ESKk 4 eta SIPLAk + ESANek 2. ErNEk eta Euspelek ez daukate delegaturik.
Sektore publikoan orokorrean eta Udal administrazioan zehazki aurrera eraman duen murrizketen aurkako eta soldata eta enplegu egonkorraren aldeko borrokaren lan ildoari babesa erakusten diote emaitzok. Zentzu hortan, lanean jarraituko du ELAk, enplegu egonkorraren alde, langileen erosahalmenaren alde eta zerbitzu publikoen defentsan.