Gasteizko udaletxe berriaren lanetan erakundeek esklabismoa babesten dute

2014/04/08
Gasteizko udaletxe berriaren lanetan erakundeek esklabismoa babesten dute
ELAk azken hilabeteotan Gasteizko udaletxe berriaren lanak ikuskatu ditu, eta honez gero ziur da: azpikontrata bat 30 langile esplotatzen ari da. Besteak beste, 10 ordutik gorako lanaldi amaigabeak eta lan-erritmo gehiegizkoak dituzte. Hori gutxi balitz, orduko 6 €ko soldatak dituzte.

Azken urteotan obretan hedatu egin da krisiaren aurretik ere bazegoen izurrite bat: oinarrizko legeak ere ez dira aplikatzen, zehatzago, hitzarmen kolektiboak ere ez.

Lan egindako orduko 5 eta 7 € bitarteko soldatak, lanaldi amaigabeak, lan-segurtasun eta -osasuneko neurri eza, erritmo basatiak... Hau da eraikuntzako langileen eguneroko ogia. Enpresek etengabeko xantaia egiteko tresna gisa erabiltzen ditu gaur gure herrian dauden 237.000 langabeak: “nik esandakoa egin, edo bihar ez zaitez lanera itzuli”.

Gaur aipatuko dugun kasuan egoera lazgarria da. Erakundeek lan-baldintzen errespetuaren inguruan hitzaldi handiak botatzen dituzte; handiak, baina hutsalak, izan ere, Gasteizko Udaletxea eraikitzeko lanetan erdi-esklabutzako ghetto bat baitago.

ELAk azken hilabeteotan ikuskatu du obra hau, eta honez gero ziur gaude: azpikontrata bat 30 langile esplotatzen ari da, honelako baldintzetan:

  • 10 ordutik gorako lanaldi amaigabeak

  • lan-erritmo gehiegizkoak

  • orduko 6 €ko soldatak, hots, Arabako Eraikuntzako Hitzarmenean ezarritakoa baino askoz beherago.

  • Gainera, langileok larunbat, igande eta jaiegun askotan prezio berean lan egitera behartzen ditu enpresa berak beste obra batzutan. Beraz, langile hauek astero hitzarmenean ezarritako lanaldiaren bi halakoa egiten dute, erdi-esklabutzako baldintzetan.

Eskema ezaguna da:

  • Dagokion administrazioak lehiaketa publikoa plazaratzen du lan batzuk egiteko. Lizitazioaren zenbatekoa azterketa tekniko baten emaitza da. Kasun honetan, urtean 3 milioi euro 30 urtez, hots, 90 milioi euro denera.

  • Hor abiatzen da enkante beldurgarri bat. LEPAZAR XXI UTEak irabazi zuen lehiaketa, urtean 2,85 milioitan, hots, denera 85.500.000 €. Proiektuaren arabera, guztira kostua 28.399.308,00 € dira.

  • Esplotazioa hasi da. Azpikontratatutako langileek, beldurtuta eta lan egiteko behar handia dutelarik, esklabuen pareko baldintzak onartu behar dituzte. Lanak amaitzeko epeak bete egin behar dira, Udaletxea 2015 amaierako inauguratu behar baita. Los plazos de ejecución deben cumplirse porqué hay que inaugurar el Ayuntamient

  • Ardura duen administrazioak harro aldarrikatzen du lanak espero baino prezio merkeagoan eginarazi dituela, eta diru-kutxa publikoetan aurreztea lortuko duela. Erakunde eta enpresak erabat elkar hartuta daude. Guztiek dakite zer gertatzen den. Guztiek dakite diru publikoaz sortzen den enplegua zein prekarioa da.

Hau guztia ikusirik, ELAk urteak darama salaketak egiten eta egoera bakoitzari konponbidea emateko ahaleginetan. Gasteizko Udaletxearen kasuan Lan-Ikuskaritzari salatu diogu egoera, baina ez dugu erantzunik jaso.

Hartara, Ikuskaritzaren jokabide susmagarria ikusita, legez kanpoko egoera honek bultza gaitu eskatzera Lan-Harremanen Kontseiluko PRECOan ardura duten erakundeak premiaz ager daitezela (Gasteizko Udala eta UTEa...). Izan ere, azpikontratak bere lana amaitu eta hanka egingo baitu, bere jardun ilegalaren ardurarik hartu gabe. Bestalde, ELAk Gasteizko Udalbatzako talde politikoei ere bilerak eskatu dizkie. .

Gezurra dirudi Gasteizko udaletxea egiteko lanetan, hots, legezko eta duintasunez egindako lan baten eredu beharko lukeen horietan, halako baldintza onartezinak gertatzea. Zoritxarrez, betiko moduan, erakunde hauek ezikusiarena egin ohi dute lan-negozioaren interesa langileen baldintzei gailentzen zaienean.

ELAk behin eta berriz salatu izan du lanaldi bukaezinek, gehiegizko lan-erritmoek eta hitzarmena ez aplikatzeak indarrean den legedia urratzen dutela goitik behera, eta sektorean orokorra den lan-istripu tasa jasangaitza dakartela. Istripu hilgarri bat gertatu behar ote da Udalak gaiari hel diezaion? Tristea da, baina sarri hau gertatzen da.

Espero dugu Udaletxeko lanetan gauzak lehenbailehen bideratuko direla. Hala ez bada, Gasteizko Udalean agintzen duen taldeak herritarrei basakeria honen inguruko kontuak argitu beharko dizkie.