Gastronomia Baskak kaleratze dosierra iragarri du

2016/01/22
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailak orain arte Gastronomia Baskaren esku zeuden zuzeneko kudeaketako eskola-jantokiak beste enpresa batzuri esleitu dizkienez, enpresak kontratuak amaitzeko enplegu-erregulazio espediente (ERE) bat aurkeztu du, eta honek sukalde zentraleko eta bulegoetako langileen %50i eragingo die.

Hezkuntza sailak jantokiak esleitu ondoren Gastronomia Baskak lehenago ematen zuen zuzeneko kudeaketako eskola-jantokien zerbitzua galdu egin du, hots, orain arte egunero eman izan dituen 13.000 menu inguru.

Zerbitzu hauek emateko enpresak azpiegitura bat du, ikastetxeetako langileez gainera sukalde zentralean eta bulegoetan ere, otorduak prestatu eta zentroetara eramaten baitira.

Lehiaketako baldintza-agirian subrogazioa soilik sailaren menpeko ikastetxeetan diharduten langileentzat jasotzen da; sukalde zentraleko behargin, garraiolari eta bulegariei ez zaie eskubide hau aitortzen; horregatik, plantillaren %50ari eragingo dion kontratuak amaitzeko espediente batean sartuko dira.

Aurrerantzean beste enpresa batzuk prestatuko dituzte otorduak; zenbait enpresak orain arte baino menu gehiago egingo dituzte, kasu batzutan %30 gehiago, eta ikastetxe kopuru handiagoa zerbitzatu eta gainbegiratu beharko dute; beraz, plantilla gehitzea ezinbestekoa izango da esleitu zaien zerbitzua emateko.

Oraingoan ere, erabaki politikoen ondorioz enplegu egonkorra galdu eta prekarietatea hedatzen da, baldintza-agirietan ez delako jaso administrazioek azpikontratatu dituzten enpresetako langile guztientzako subrogazioa; kasu honetan ardura Jaurlaritzaren Hezkuntza sailari dagokio.

ELAk berriro aldarrikatzen du egoera hauek ekiditeko lege-babesa beharrezkoa dela; hala proposatu du 100.000tik gora sinadurak babestuta Legebiltzarrera eramandako Legegintzako Herri Ekimenean (LHE): administrazioek baldintza-agirietan jaso behar dituzte subrogazio eskubidea, lan-baldintzak mantentzeko bermea eta enpleguaren egonkortasuna.

ELAk eskatu du lanik gabe geratuko direnak zerbitzua emango duten enpresa berrietan birkoka ditzatela; Eusko Jaurlaritza da enpresei konpromiso hau galdegin diezaiekeen bakarra.