Gastu-muga = murrizketak

2017/07/12
ELAk gogoratu nahi du EAJk berriz ere Rajoyren gobernua babestu duela; oraingoan, gastu-muga delakoa onartzeko. Are gehiago, gai hau jendearentzat ezezaguna dela baliatuz, jeltzaleak ausartu dira esatera aldeko botoa erabaki “teknikoa” dela, “balio politikorik gabea”. Hau ez da egia. Labur azaltzen saiatuko gara.

Lehenik, hartutako erabakiak ezagutu behar dira. Honako hirurak izan dira:

   * Lehena, administrazio guztiek (Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak, Foru Aldundiek eta udalek) derrigor bete beharreko defizit publiko muga: 2018an Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren defizitak -beste autonomia-erkidegoek bezala- ezin izango du BPGaren %0,4 gainditu. Ezarri dutenez, muga hori 2019an %0,1ekoa izango da, eta 2020an ez da defizitik izango. Foru Aldundiek eta udalek ezin dute defizitik izan 2018-2020ko urte batean ere.

   * Bigarrena, 2018an administrazio guztien gastu nominala, baita Hego Euskal Herrikoena ere, 2017koarekiko ezin dela %2,4tik gora hazi. Diru-sarrerak gehiago hazten badira, diferentzia zor publikoa aldez aurretik ordaintzeko erabili behar da; inbertsio soziala gehitzea galarazita dago. Hots, 2018rako aurrekontuen hazkundea mugatuta dago.

   * Hirugarrena, gastu-muga bera. Erabakitzen da Espainiako Gobernuaren gastu ez finantzarioa 2018an gehienez 119.384 milioi eurokoa izango dela, 2017an baino %1,3 gehiago soilik (KPI gutxiago hazi delarik; oraintxe %1,5ean dago), eta 2014rako ezarritakoa baino 13.400 milioi txikiagoa; honek agerian uzten du 2018rako erabaki den kopuruak zenbateko murrizketak egitera derrigortzen duen.

Mikel Noval, arlo sozialeko eta ikerketa arloko arduradunaren esanetan erabaki hauen ondorioak nabarmenak dira: doikuntza-politikak eta eremu sozialeko murrizketa masiboak iraunarazi egiten dituzte, eta administrazio guztien erabakitzeko aukera mugatu, baita euskal erakundeena ere. Erabakiok goitik behera politikoak dira. Teknikoak direla esateak ez du zentzurik; hau esaten duenaren asmoa da gizarteari egia ezkutatzea.

“Neurri hauen jatorria zein da? 2012an, Rajoy dagoeneko boterean zela, onartu zen Aurrekontu-Egonkortasun eta Sostengarritasun Finantzarioaren Legea; berau ez zen 2011ko Konstituzioaren erreforma lazgarriaren garapena besterik. Erreforma Zapateroren bultzadaz erabaki zen defizit eta gastu publikoa mugatze aldera. Erreforma haren logika onartzea ere hautu politikoa da. Gure ustez kritikatu beharreko hautua, gainera”.

Novalen hitzetan ori guztia nahikoa ez balitz bezala, badago aldebikotasunaren benetako funtsa zein den erakusten duen beste kontu bat: Madrilen erabakitakoak Hego Euskal Herriko erakundeen defizit publikoaren mugak ezartzen ditu. Aipatu dugun legez, Rajoyk autonomia-erkidego guztiei ezarri dien berbera da (aurkako botoa eman dute PSOEren esku daudenek, Kataluniako Generalitateak eta Kantabriako Gobernuak). Datozen egunetan antzeztuko da Montorok eta Eusko Jaurlaritzak iritsitako “akordioa”; noski, helburua izango da ustezko aldebikotasunaren itxura ematea, benetan men egitea eta Rajoyk inposatutakoa onartzea baino ez delarik izango. Honen atzean, izan ere, beste zerbait baitago: doikuntza politikarekin bat datoz. Eta komeni da hori guztia Madrilen erabakitzea.