Gastu publikoa murrizteak langabezi gehiago eta gastu sozial gutxiago dakar

2009/06/18
“Eusko Jaurlaritzak 2009rako aurrekontuetan jasotako gastua 500 milioi euro baino gehiagotan murrizteak krisia areagotzen lagunduko duela ” salatu du ELAko azterketen arduradun Mikel Novalek.

2009rako onarturiko aurrekontuak ez zekarrela aldaketarik aurreko urteetakoarekiko eta ez zituela krisiaren eraginak eragozten gogorarazi du Novalek. “Atzerapauso are handiagoa jakitera eman dute orain, eta hau onartezina da ”.

ELArentzat begi-bistakoa da ezaugarri hauetako murrizketa batek ondorio kaltegarriak izango dituela. “Gastu publikoaren murrizketa batek enplegu murrizketa dakar, langabezia handituz ”, adierazi du Novalek. Gobernuaren papera justu kontrakoa izan beharko litzateke krisi egoera batetan, hau da, gastu publikoa handitu beharko luke enplegua sortu eta estaldura sozialak hobetzeko.

“Jakina da gastu soziala murriztuko dela, eta horrek zerbitzu publikoak okerragotuko dituela. 500 milioitako jaitsierak halabeharrez ekarri behar du gastu sozialaren jaitsiera, osasunean, hezkuntzan edo beste materia batzuetan ” salatu du Mikel Novalek.

 “Zerga bilketa murrizten ari denaren argudioa ezin da erabili gastua murrizteko, egin beharrekoa zera da: azken urteetan ezarritako zerga politika aldatu. Krisi garaian Sozietate Zerga jaitsi da berriro, eta Araba eta Bizkaian Ondare zerga indargabetu da. Beraz, zerga murrizketa ezin da izan aitzakia gastu soziala murrizteko ” uste du ELAk.

Azkenik, Novalek adierazi du neurri honek “arrazoia ematen diola ELAri, Gasteizko Gobernuak aurrera eraman nahi duen elkarrizketa sozialak gai garrantzitsuak uzten dituela kanpoan esaten duenean, irizpide neoliberalekin zuzentzen dituen gaiak hain zuzen ere. Agian diru hori nondik murriztu behar den eztabaidatzea nahiko dute elkarrizketa sozialean, beraiek murrizketa erabaki ondoren ”.

Mikel Novalek gogorarazi du ELAk proposamen sorta luzatu ziola gobernuari Lopez Lehendakariarekin izandako bileran, gastu soziala nabarmen gehitzearen beharrizana aldarrikatuz. “Gobernuaren erantzuna, jakitera eman den gastuaren murrizketa da, eta ez du nahi aurrerapausorik eman euskal langileriak behar duen bidetik. Bere erantzukizuna da, eta guk ez dugu hori estaltzen lagunduko ”.