Gaur greban dauden Arabako Esku-hartze Sozialeko langileak beste greba egun bat deitu dute ekainaren 22an "KPI bai ala bai" lelopean

2022/06/17
Mobilizazioen eta deitutako grebaren helburua langileen soldatak KPIren arabera finkatzea da negoziatzen ari diren Esku-hartze Sozialeko 3. Hitzarmenean eta gizarte zerbitzu publikoek finantzaketa nahikoa izatea

Ekainaren 8ko Arabako Esku-hartze Sozialaren sektorearen aldarrikapen egunaren ondoren, AISA patronalak ez du edukia duen proposamenik egin. Horregatik, gaur greban dagoen Arabako Esku-hartze Sozialaren sektorean ordezkaritza duten sindikatu guztiek mobilizazio gehiago eta greba deitu dute ekainaren 22rako, "KPI bai ala bai" lelopean.

Aldarrikapen nagusiak soldatak KPIaren arabera finkatzea eta gizarte zerbitzu publikoak behar adinako finantzaketa izatea da.

Gaurko grebaren mobilizazioen barruan, sektoreko langileek Gasteizko Udalaren Osoko Bilkuran parte hartu dute, mozio bat lantzeko. Mozio hau, hain zuzen ere, Udalari sindikatuen eta AISA patronalaren arteko bitartekaritza eskatzeko da, eta Esku-hartze Sozialeko III. Hitzarmenean lortzen diren akordioen finantzaketa bermatzeko eskatzeko, aurreko hitzarmenetan gertatu izan den bezala.

Horrez gain, sektoreko langileek manifestazioa egin dute Gasteizen, pikete informatibo bat eta batzar bat hilaren 22ko greba eguna antolatzeko. Arratsaldean bizikleta pikete bat egingo dute hirigunetik urrunen dauden zentro eta enpresetan barrena.