Bizkaiko esku-hartze soziala

Bi eguneko greba ASPACE, Gorabide, Gaude eta Madres Mercedariasen

2023/05/08
Enpresetako hitzarmenak eguneratzeko negoziaketak desblokeatzeko deitu dute mobilizazioa ELA, LAB eta ESK sindikatuek. Gutxienez, KPIa eta metatutako atzerapenak aitortu diezaieten eskatzen dute.

Aniztasun funtzionala duten pertsonei eskaintzen diete zerbitzua aipatu lau enpresek, Bizkaiko Foru Aldundiarekin egindako hitzarmenak eta dirulaguntzen bidez. Pandemia garaian ezinbesteko langileak izan baziren ere, orain, gobernua beraiekin ahaztu dela eta lan baldintzak okertu zaizkiela salatu dute. Gutxienez, KPIa eta metatutako atzerapenak aitortu diezaieten eskatzen dute eta, horrez gain, Madre Mercedariasekoek, lanpostuak mantenduko direla ziurtatu nahi dute.

Bizkaiko Foru Aldundia eta Unai Rementeria Ahaldun Nagusia jo dute egoeraren erantzule bezala, eta Elixabete Etxanobe ordezkoa eta Sergio Murillo Gizarte Ekintza Saileko arduradunei ere gauzak konpontzen laguntzea eskatu diete. Era berean, ASPACE, Gorabide, Gaude eta Madres Mercedariaseko zuzendaritzei negoziazioak desblokeatzeko eskatu diete.

Mobilizazioak

Gaur, maiatzaren 8an, Bilboko lau leku desberdinetatik atera dira, Moyua plazan batu eta Bizkaiko Foru Aldundiaren eraikinera joan dira, manifestazioan. Bihar, hilaren 9an, elkarretaratzea egingo dute Itsas Museoaren aurrean eta FEVASera joango dira manifestazioan.

Horiez gain, Enpresa Batzorde bakoitzak bere mobilizazioak egingo ditu. Gorabideko langileek greba egingo dute maiatzaren 6tik 14ra; Gaudekoek greba mugagabea egingo dute, hilaren 22an hasita; Madres Mercedariasekoek greba egun gehiago deituko dituzte, ixteko aukerak mahai gainean jarraitzen duen bitartean; eta ASPACEkoek ere greba egun gehiago deituko dituzte egungo blokeo egoera amaitzen ez bada.