Gauzak aldatzeko prest

2002/05/07
Milaka lagun bildu zen Bilbon ELAren Maiatzaren Leheneko deialdira
"Hau alda daiteke / Sindikatua, aldaketarako tresna" aldarrikatuz ELAk milaka eta milaka lagun bildu zituen Bilbon Maiatzaren Leheneko deialdian. Enpresa eta sektore ezberdinetako aldarrikapenekin batera –Bizkaiko hormigoi eta harrobiena, Mecapeña, etab.– hainbat musika talde eta antzezpenekin girotu zen manifestazioa eguerdi aldera abiatu zen Gran Via hasieratik, eta Arenalean amaitu zen. San Nikolas eleizaren aurrean mitina izan zen. Lehenik Sebas Andreu negoziazio kolektiboko arduradunak hitz egin zuen. Andreuk esan zuenez, ELArentzat negoziazio kolektiboa edukiaren bidez esplikatzen da: “konbenio kolektiboaren bitartez langilerien lan baldintzak hobetu behar dira; konbenio kolektiboak ez dira beste ezertarako”. Andreuren arabera, “patronalak oso garbi dauka bere jokaerak nolakoa izan behar duen: gaurko egoerari eutsi, ezertxo ere aldatu ez, instituzioekin harreman onak izan, eta ahal baldin badu, konbenio errezak sinatu, gauzak daudenean uzteko”. Negoziazio kolektiboaren arduradunak gogoratu zuen “aurten ere, iaz bezala, patronal horrek bere sindikatu lagunak” aurkitu dituela, hitzarmenak “erraz eta edukirik gabe sinatzen dizkiotenak”. Andreuk gaineratu zuenez, “gainera, daukaten ordezkapena nahiz eta gehiengoera iritsi ez, eta askotan oso urruti geratu arren, patronalari konbenio kaskarrak oparitzen dizkiote. Hau ez da sindikalismoa ez egitea, hau antisindikalismoa egitea da”. Andreuk mezu bat eman zuen: “Horren aurrean, zer egin behar dugu? Geure ildoari heldu, gogor heldu. Hori ari gara Bizkaiko Hormigoi eta Kanteretan egiten, eta hori da egiten jarraitu behar duguna”. Etorkinen eskubideak Ondoren, nafar Erriberako Rakel Jimenez mintzatu zen, eta etorkinen auzia aipatu zuen: “Immigrazioaren fenomenoa ez da berria, baina etorkinen kopurua handitzearen eraginez, hemengo biztanleen arteko desberdintasun sozialak nabarmentzen ari dira". Jimenezen arabera, PPk aldatu zuen moduan, “etorkinen sarrera eragoztean edonolako immigrazioa bultzatzen da –ehundaka pertsonen heriotza dakarrena–”, eta iritsi direnen artean bereizkeriari atea irekitzen dio. Atzerritarren Legeak “atzerritarren eskubideak urratzen ditu, eta gizarteratzeko aukera oztopatu egiten die, guztion kalterako”. Sindikatuak badu honekiko zereginik: “Etorkinek lanean kontratu txarrekin edo kontraturik gabe jardun behar izaten dute, eskubide sozialak ere ukatzen zaizkie, ez etxe, ez gizarte-zerbitzurik”... Bizimodu duina egiteko aukerarik ez dute. “Beste sindikatu batzurekin lan egin dezagun gizartearen ikusmoldea zuzendu eta atzerritarrekiko politika alda dadin; izan ere, gizarte zuzenagoa helburu duen sindikatua baikara”. Horregatik, “Paperak, lana, berdintasuna, denontzat, etorkinentzat eta beste guztientzat”. Elkarrizketa da bidea Jose Elorrietak, berriz, hitzaldia hasteko Palestin elkartasuna adierazi zuen, “askatasun sentimenduan bat gatoz; lurralde, ur-baliabide eta mugak izateko duen herria da”. ELAko idazkari nagusiak esan zuenez, “hemen eta nonahi elkarrizketa eta negoziazioaren bidea aldezten dugu, autodeterminazio eskubidea aintzat hartzen delarik, baita Euskal Herriarentzat ere”. Elorrietak Espainiako gobernuari kargu hartu zion: “badakigu Aznar ez dela bakezko gizona, badakigu politika, gizarte eta ekonomiaren esparruetan bazterrak nahasteko ahal duen guztia egingo duela”. Alderdien legegai berriak eta botere judizialaren bitartez eginiko atxiloketek frogatzen dute Aznarren ‘sharonkeria’, esan zuen ELAko buruak: Halere, “ezin dugu onartu akzio-erreakzio-errepresio-akzio espiralak berriro elkarrizketan oinarria duen irtenbide politiko oro zapuzterik”. “Neoliberalismoa ere ez dugu gustoko, ez zaizkigu atsegin munduan, ez gurean, hurrean dituen eraginak. PPn kezkatzekoa da eskuina eta eskuin-muturra alderdi berean daudela; hau politikan eta esparru sozialean nabari da”, jarraitu zuen Jose Elorrietak. Langabeziaren babesean gobernu espainolak egin nahi dituen murrizketei “erantzuna kalean eta lantokietan eman behar zaie; Aznarren gobernuak aski meritu bildu du mugimendu sindikalak greba orokorra dei dezan”. INEMek superabita duen artean langabetuen herenak jasotzen duen laguntza murriztea “guztiz bidegabea da”. Jaurlaritza, indarrik gabe PPk Estatutuan aipatzen diren eskumenak ez dituela emango berretsi du, eta Gasteizko gobernuaren erantzun politikoa oso eskasa da: “Kontzertua berritzeko prozesuan indarrak ahitu ditu”. Aurrekontu politika besterik ez dute buruan, “eta hor ez dira neoliberalismo ortodoxoenetik aldentzen”; aurkakoa esanagatik, “Europatik gero eta urrunago gaude, indarrik kontserbadoreenen artean daude, Nafarroako Gobernuarekin batera”.