Gauzak ez dira berdinak izango, ez Eskozian, ez Europar Batasunean

2014/09/19
Gauzak ez dira berdinak izango,  ez Eskozian, ez Europar Batasunean
ELA ziur dago hasitako bide honek ez duela atzera bueltarik. Eskerrak, Eskozia, bidea urratzeagatik! Gauzak ez dira berdinak izango aurrerantzean. Gure subiraniaren alde borrokan ari garen estaturik gabeko nazioek erreferendum honetatik ondorio ugari atera dezakegu.

ELAk herri eskoziarra zoriondu nahi du, eta poztu egin da independentziari buruz erreferendumean erabaki demokratikoa hartzeko aukera izan duelako.

ELAk Eskoziako prozesutik honako ondorioak atera ditu:

 

  1. Europar Batasunean aurrekaririk ez duen erabakitzeko eredua izan da. Aurrekaririk gabea, baina egingarria. Borondate politikoak egin zuen posible eskoziarrek erabakitzeko aukera izatea. Hango prozesuak ez dauka zerikusirik espainiar Estatuan gertatzen denarekin; Euskal Herrian eta Katalunian nazionalismo espainiar antidemokratikoak ukatu egiten du erabakitzeko eskubidea, hau aitortzea bere porrot historikoa bailitzan ulertzen duelako.

  2. Erreferenduma medio, Eskozia subjektu politikoa da, eta horrek izugarrizko esanahi politikoa dauka: Alex Salmondek gaur goizean esan duen bezala, “prozesuak herri gisa sinesgarritasuna ematen digu”. Hau lortu izanaren meritua bide horri ekin zioten lider eskoziarren ausardiari eman behar zaio, baita erakunde zibil askoren lanari ere. Gaur Eskoziak aitortza politiko handiagoa du.

  3. Halaber, prozesuak agerian utzi du honelako erabakiak hartu behar direnean -Quebecen ere gertatu zen- sistemak biztanleria setiopean jartzen duela, eta hor parte hartzen dutela botere politikoak (kontserbadore, laborista eta liberalak), enpresa handiek eta bankuek (Londresko politikaren onuradun nagusiak), baita komunikabide nagusiek ere, publikoek (BBC) zein pribatuek. Horiek guztiak ezetzaren alde zeuden, eta bat egin dute beldurraren estrategian. Kapitalak eta bere sateliteek erreferentzia politiko eta sozial jakin batzuk dituzte, Thatcherren pentsamoldekoak, eta hau Londresen indarrean dago. Gauza jakina zen hau ez zela erraza izango.

  4. ELAk nabarmendu nahi du gizarte-eredu justu eta solidario batek berebiziko garrantzia duela herritarren gehiengoa baiezkora erakartzeko. Hau irakurketa inportantea da gurean.

  5. ELA ziur dago hasitako bide honek ez duela atzera bueltarik. Eskerrak, Eskozia, bidea urratzeagatik! Gauzak ez dira berdinak izango aurrerantzean. Gure subiraniaren alde borrokan ari garen estaturik gabeko nazioek erreferendum honetatik ondorio ugari atera dezakegu.