Euskara

Gazte Euskaltzaleen Sareak deitutako mobilizazioekin bat egiten du ELAk

2023/03/16
EAEko Hezkuntza Lege berrian murgiltze eredua ezarri ezean, erkidegoko haur guztiek ez dute bermaturik izango euskara behar bezala ezagutzeko aukera. Horregatik deitu du mobilizazioa martxoaren 23rako Gazte Euskaltzaleen Sareak. ELAk bat egiten du hizkuntza eskubideen aldeko aldarrikapen horrekin eta mobilizazioetan parte hartzera deitu du gizartea.

Asteotan, zenbait alderdi politikok eta epaitegik hizkuntza eskubideen aurka hartutako erabakien aurrean mobilizazioa eta aktibazioa ezinbestekoak direla uste du ELAk. Horregatik, Gazte Euskaltzaleen Sareak martxoaren 23rako deituko mobilizazioekin bat egiten du sindikatuak. Hezkuntza euskaraz izan behar da lelopean aterako dira kalera euskaltzaleak Bilbon, Iruñean, Donostian eta Gasteizen.

Euskara bermatzea saihesten duten epaiak izan dira azken boladan; Ipar Euskal Herrian euskaraz ikasteko hautua eta aukera duten ikasleek zailtasunak dituzte azterketak euskaraz egin ahal izateko; Nafarroan euskaraz ikasteko eskubidea ez dago bermatuta, are gutxiago unibertsitate ikasketak; eta EAEn ia alderdi guztiek adostutako Hezkuntza Hitzarmenarekin euskaraz ez dakiten haur gehiago egongo dira. Hezkuntza Lege berrian murgiltze eredua ezarri ezean, EAEko haur guztiek ez dute bermaturik izango euskara behar bezala ezagutzeko aukera.

Gobernuen erantzunik ez

Euskararen aurkako oldarraldi politiko eta judizial berriak ez du inongo erantzunik izan Euskal Herriko gobernuen aldetik, horregatik inoiz baino beharrezkoagoa da herritarren aktibazioa eta mobilizazioa.

Hurrengoak dira martxoaren 23ko mobilizazioen datuak:

  • Bilbon, 12:00etan, Jesusen Bihotzetik
  • Iruñean, 12:00etan, Antoniuttitik
  • Donostian, 12:00etan, Bulebarretik
  • Gasteizen, 12:00etan, Elurretatik