Gazteen egoera okerrera doa: enplegua suntsitzen da eta euren langabezia igo da

2022/10/27
Biztanleria Aktiboaren Inkestaren arabera, hirugarren hiruhilekoan okupazioak gora egin du 24.900 pertsonatan; baina behin-behinekotasun tasa oso altua izaten jarraitzen du.

Okupazioak gora egin du (24.900 pertsona gehiago) aurreko hiruhilekoaren aldean. Gorakada hori EAEn gertatu da, baina ez Nafarroan, bigarren hiruhilekoaren maila berean mantendu baita. Emakumeek 3.000 landun gehiago baino ez dituzte izan; beraz, emakume enplegatuen proportzioa % 47ra jaitsi da. Sektoreei dagokienez, okupazioaren hazkundea batez ere industrian eta zerbitzuen sektorean gertatu da. Industrian 11.700 landun gehiago egon arren, iazko hiruhileko berean baino 18.800 gutxiago gaude oraindik. Gazteen artean, berriz ere enplegua suntsitu da, oraingoan 5.200 pertsonatan (-%7,7); beraz, iazkoarekiko saldoa 9.800 negatiboa da.

Kontratuen iraupenari erreparatzen badiogu, ikusi dezakegu azken hiruhilekoan 26.000 gehiago izan direla kontratu mugagabea duten pertsonak. Hala ere, tenporalitate-tasa oso altua izaten jarraitzen du (% 21,2). EBrekin alderatuta, behin-behinekotasun maila handiena duen zerrendako laugarrena gara, EBko batez bestekoarekiko zazpi puntuko aldearekin. Beraz, behin-behinekotasunak egiturazko arazo izaten jarraitzen du.

Enplegurik gabekoei dagokienez, bigarren hiruhilekoan 115.600 langabe egon dira Hego Euskal Herrian, hau da, aurreko hiruhilekoan baino 2.200 gutxiago. Hala ere, INEk emandako datua ez dator bat SEPEk argitaratutakoarekin, bertan 143.400 enplegugabe daudela adierazten baita. Nafarroako desenplegu-tasa % 9ra igo da; EAEn, aldiz, puntu erdi jaitsi da, % 8,3ra arte. Enplegu gabeen artean, ikusten dugu emakume gehiago daudela egoera horretan. Desenpleguan dauden emakumeen tasa % 10,7koa da Nafarroan, gizonena, aldiz, % 7,5ekoa. EAEn, emakumeen tasa % 8,4koa da, gizonena baino % 0,2 handiagoa.

Bestalde, azpimarratu behar da Europar Batasuneko langabezia-tasa oso azpitik dagoela oraindik (% 6). Azkenik, gazteen egoera prekarioa aipatu behar da. Enplegua suntsitzeaz gain, baita ere desenplegua igo da 3.700 pertsonatan. Gazteen desenplegu-tasa zifra eskandalagarrietara itzuli da; Nafarroan, lau gaztetik bat egoera horretan dago; EAEn, ehuneko hori % 30eraino igo da.

Ziurgabetasunez beteriko testuinguru ekonomiko batean gaude, non bizitzaren garestitzea eta soldaten aurkako erasoa gero eta nabariagoa den. Inkestak eskaintzen dituen datuak gorabehera, errealitatea da Hego Euskal Herrian milaka pertsona egoera prekarioan daudela, asko soldata baxuekin, laneko segurtasun faltarekin eta beste hainbeste behin-behineko kontratuekin. Horregatik, egoera horren aurrean, beharrezkoa da langile klasearen baldintza materialak hobetzearen alde borrokatzeko antolatzea eta mobilizatzea.