GEBISA (A8) enpresako langileen mobilizazioak aurrera doaz

2014/01/16
GEBISA A8 autobideko Bizkaiko zatia kudeatzen duen enpresako langileek mobilizazioak antolatzen jarraitzen dute, enpresari eta Bizkaiko Foru Aldundiari lanpostuen eta lan-baldintzak mantentzeko eskatzeko.

 

Ostiralean, urtarrilak 17, elkarretaratze bat egingo dute Bilbon, Bizkaiko Batzar Nagusien egoitzaren aurrean (Hurtado de Amezaga, 6), goizeko 09:00etan.

Kanpoan elkarretaratzea egiten den bitartean, barruan Bizkaiko Foru Aldundiko garraio eta errepideen osoko bilkura izango da, eta eguneko zerrendaren gaietako bat zera da: A8-ko Bizkaiko zatia, langileen eta erabiltzaileen egoera.

Enpresak makinak ipini nahi ditu kabinako postuen ordez. Enplegua suntsitze horren ondorioz herritarrek zerbitzu txarragoa izango dute. Neurri horren kalteak, beraz, herritarrentzat eta langileentzat izango dira.

Gezurra badirudi ere, enpresak, autobidearen erabilera sustatu beharrean, herritarrei kalitatezko zerbitzua eskainiz, duen asmoa zerbitzu txarragoa ematea da, erabilerari erakargarritasuna gutxituz, zeren erabiltzaileek ez dute izango bertako arretarik, izan litezkeen gertakizunak konpontzeko, eta gainera neurri horren ondorioz mugikortasun urrituko jendeak zailagoa edo erabat ezina izango du autobidean sartzea.