Gehiengo sindikala, Egunkariarekin

2010/02/12
Gehiengo sindikalak deituta protesta ekintza egin da Egunkaria auziko auzipetuen alde otsailaren 12an Bilbon. Irailaren bukaeratik ostiralero bilkurak egin dira Egunkaria libre! lelopean.

Otsailaren 12an ELA, LAB, ESK, STEE-EILAS, EHNE eta Hiru sindikatuen babesa eta sostengua izan du. Bilkura Arriaga plazan izan da, eta ehunka lagun bildu dira.
Bilkuraren ostean auzipetuen izenean Iñaki Uriak hitz egin du. Uriak eskertu egin du gehiengo sindikalak emandako babesa, eta, erasoak eraso, euskara eta euskal kulturaren aldeko bidean lanean jarraitzeko duten konpromisoa berretsi du.
Komunikazio arduradun Patxi Agirrezabalak ELAk adierazpen askatasunarekin duen konpromisoa aldarrikatu zuen beste behin, eta auzipetuta dauden lagunei elkartasun osoa helarazi die.
2003ko otsailaren 20an Guardia Zibilak Euskaldunon Egunkaria itxi zuen, Espainiako Auzitegi Nazionaleko Juan del Olmo epailearen aginduz. Ia zazpi urteren ostean, 2009ko abenduaren 15ean, Egunkaria auziko epaiketa hasi zen Madrilen, eta otsailaren lehenean amaitu zen. Orain, epaiaren zain daude auzipetuak. “Epaiketa amaitu den honetan, argi gelditu da auziaren zentzugabekeria. Dagoeneko berandu da egindako kaltea konpontzeko, baina, gutxieneko justizia bat egon dadin ELAk akusatuen absoluzioa exijitzen du”, gaineratu zuen Agirrezabalak.