Gehiengo sindikalak hezkuntzako mahai sektoriala bertan behera

2009/11/05
Azken egunotako gertaeren ondoren ezinezkoa zaie Hezkuntza Sailarekiko elkarrizketa normalizatua.

Aste honetan, eta curriculumaren aldaketaren ildotik,  Isabel Celaá sailburuak prentsa-adierazpenak egin ditu, besteak beste, “dotrinamendu abertzalea” azkenik amaitzen dela eta hezkuntza sisteman euskarak duen balizko pribilegio-egoerak populazioaren %80 ofenditu egiten duela esanez. Hitz hauek ez dira bakarrik zentzugabekeria, irakaskuntza langile askorentzat irain zuzena ere badira. Horregatik Hezkuntza Sailari eta bere buruari zuzenketa publikoa eskatzen diegu, eta bide batez galdatzen dugu adierazpen publikoak tentuz eta zentzu handiagoz egitea.

Baldintza hauetan ezinezkoa zaigu sindikatuoi Hezkuntza Sailarekiko elkarrizketa normalizatua. Beharrezkoa ikusten dugu Sailaren arduradunek hartu duten norabideaz gogoeta serio bat egitea: hezkuntza langile askorentzat iraingarriak diren adierazpen hauetaz gain, gestio autoritarioa eramaten ari dira behin eta berriro, langileengan eragina zuzena duten aldebakarreko ekimenak bideratuz, sindikatuekin aldez aurretik adostu eta hitz egin gabe ere, (Eskola 2.0, ingelesezko barnetegiak, irakasleentzat ez-ohiko diru laguntzak ingelesa ikasteko…) edo gaur arratsaldeko bezalako bilerak tramite hutsa bihurtuz, den-dena lotuta eta itxita heltzen baita.

Horregatik guztiagatik, hezkuntzan gehiengo sindikala osatzen dugun STEE-EILAS, LAB eta ELA sindikatuok, protesta gisa erabaki dugu Hezkuntza Sailaren aurrean planto egitea, gaur deituta zegoen Mahai Sektorialean parte hartzeari uko eginez, euskal gizartearen aurrean argi uzteko ez gaudela prest gehiegikeria hauek erantzun gabe uzteko.