Gehiengo sindikalak kontzentrazioak deitu ditu "Bateragune" auziko akusatuen askatasuna eskatzeko

2011/07/01
ELA, LAB, STEE-EILAS, EHNE eta HIRU sindikatuek kontzentrazioak deitu dituzte uztailaren 1an Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan, Epaiketa politikorik ez. Eskubide guztiak guztiontzat lelopean.

Sindikatuek Bateragune auziko akusatu guztien "berehalako eta baldintzarik gabeko" askatasuna, eta "ideia politikoen aurkako prozesu guztiak" amaitzeko, eskatu dute. “Egin duten jarduera politikoa ezin da inola ere atxilotu eta auziperatzeko arrazoia izan sistema demokratiko batean. Horregatik, auzibidea jasaten ari direnei gure elkartasun eta babesa adierazi nahi diegu”.

Sindikatuen ustez, "Madrilen ematen ari den epaiketak larritasun berezia du eta lekuz kanpo dago, are gehiago auzipetuek gatazka gainditzeko egindako lan politikoaren ondorioz, egungo testuingurura iritsi garenean".

Jendarte osoari, eta bereziki langilegoari dei egin diete epaiketa honen aurrean mobiliza daitezen. “Bateragune kasuan epaituko dituzten pertsonen auzia oso larria da eta lekuz kanpo dago, are gehiago atxilotuak gatazka gainditzeko lanean jarduera politikoaren bidez ari izan direlarik”
“Gainditu beharrekoak dira estatuaren politikan nagusi izan diren errepresioa eta justiziaren erabilpen interesatua. Hain zuzen, euskal gizartea eskatzen ari da normalkuntza politikorako bideak irekitzea, adierazpen eta parte hartze politikorako eskubideak berma daitezen”, azpimarratzen du gehiengo sindikalak.