Gehiengo zabal batek bat egin du Itunpeko Irakaskuntza alorreko lanuzterako deiarekin

2008/05/20
Langileen gehiengo zabal batek bat egin du ELAk eta LABek Itunpeko Irakaskuntzaren alorrean maiatzaren 20rako deitutako bi ordutako lanuztearekin. Bi sindikatuek ordezkaritza sindikalaren %83a dute sektorean, eta orotara 12.167 langilek lan egiten du.

Mobilizazioak aurreko asteetan hasi ziren, Gasteizen, Donostian eta Bilbon egin ziren manifestaziorekin; gainera hiru hiriburuetan karpak jarri ziren informazioa banatzeko.

Maiatzaren 20an hiru herrialdeetako langileek bat egin dute manifestazio jendetsu batetan, milaka pertsonek hartu baitute parte bertan. Arratsaldeko 18:00etan abiatu da Bilboko Plaza Biribiletik, eta Eusko Jaurlaritzaren egoitzan bukatu da.

Sektoreak bi negoziazio esparru hartzen ditu: Ikastolak (non ELA eta LABek ordezkaritzaren %100 duten) eta Ekimen Sozialeko Ikastetxeak;  guztira 12.167 langileengan du eragina.

Ikastoletan lanuztearen jarraipena %100etik gertu egongo da Araban eta Gipuzkoan eta %90etik Bizkaian. Bestelako zentroetan, Gipuzkoan lanuztea %82koa izan da eta Bizkaia eta Araban %55ekoa.

ELA eta LAB sindikatuek oso balorazio positiboa egiten dute grebak lortutako atxikimenduaren inguruan, eta Administrazioari eta Patronalari dei egiten diete benetako negoziazio prozesua zabaldu dezaten. Ezinbestekoa da sindikatuek bertan parte hartzea, itunpeko langile guztien lan baldintzen hobekuntzak gauzatu ahal izateko.  

Mobilizazioen helburua lan baldintza horiek benetan hobetzea da. Besteak beste, alde batetik soldaten ekiparazioa dago bai irakasleentzat, bai administrazio eta zerbitzuetako langileriarentzat ere, eta, bestetik, lanaldi lektiboaren murriztea, tutoretza, orientazioa edo indartze linguistikoa kontuan hartuta, besteak beste.