Gehiengoa errespetatzea exijitzen dugu

2010/01/28
ELAren Nazio Batzordeak 'Demokrazia oztopoa da proiektu neoliberal eta zentralistarako; botere publikoen gehiegikeria geldiarazi behar dugu' ebazpena onartu zuen urtarrilaren 25ean, astelehena, egindako bileran.

Ebazpen horrekin ELAk Lopez Lehendakariaren bi dekreturi buruzko iritzia plazaratu egin nahi du; horietako batean Lan Harremanen Kontseiluko (LHK) kideak izendatzen ditu (25/2009 Dekretua, abenduaren 29koa), eta bestean euskal Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeko (EGAB) kideak (26/2009 Dekretua, abenduaren 29koa).
Adolfo Muñoz, Txiki, idazkari nagusiak, ohartarazten duenez, gertakarien larritasunak behartu du Nazio Batzordearen ebazpena. "Patxi Lopez lehendakariak onartutako dekretuak gehiegikeria larriak dira. Ebazpenak primeran laburbiltzen du gertatutakoa. Aski da hura irakurtzea gertatutakoaren larritasunaz jabetzeko. Jaurlaritza konturatu da ezin dituela bere politikak aurrera eraman egun langileek aukeratu duten gehiengo sindikalarekin. Zer egin du orduan Lehendakariak? Gehiengo sindikala zokoratu, baztertu, era antidemokratiko batean gutxiengoari gehiengoa emateko. Eta, denok dakigu zeintzuk osatzen duten gutxiengo hori: CCOO eta UGT".
Erasoa ez da soilik demokraziaren aurkakoa, ELAren eta bere ereduaren aurkakoa ere bada. "Gehiengoen araua hautsi du, demokraziaren oinarrietako bat. Eta, gainera, argudio gezurti eta tranpatiekin. Horren aurrean argi dugu zein den gure erantzuna: gure ereduari eustea eta eredu horretan sakontzea, betiere langileen mesedetan".
Adolfo Muñoz, Txiki, idazkari nagusia, Amaia Muñoa, idazkari nagusiaren-albokoa, Patxi Agirrezabala, komunikazio arduraduna, Mikel Noval, gizarte politiken arduraduna, eta Leire Txakartegik, atalen arduraduna, Nazio Batzordeak onartutako ebazpena aurkezteko urtarrilaren 28an egindako prentsaurrekoan parte hartu dute.

 

Irakurri Ebazpena