Gemma Zabaletak eskuin ekonomikoaren politika aplikatu du bere agintaldian

2012/09/05
Gemma Zabaleta Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte-Gaietako sailburuak politika uzteko asmoa duela eta, ELAk gogoratu nahi du sailburuak egin duen lanaren balantzea ezin okerragoa dela.

 

Izan ere, bere ardurapeko gaietan, besteak beste gobernuak honako erabakiak hartu ditu:

  • Lan-harremanetan ez ditu arau demokratikoak aintzat hartu. Esaterako, Jaurlaritzaren politika antisozialak babesteko elkarrizketa sozialeko eredua ezarri du, sindikatuen ordezkaritza kontutan izan gabe, edota LHK eta KESeko legeak aldatu ditu, gehiengo sindikalaren aurkako erabakiak hartu ahal zitezen, CCOOei eta UGTri horrela hauteskunde sindikaletan lortzen ez duten ordezkaritza emanez.

  • Prestazio ekonomikoak murriztu ditu (Diru-sarrerak bermatzeko Errenta, Gizarte-Larrialdiko Laguntzak, kontziliazioarekin lotutako prestazioak, etab.). Prestazioen zenbatekoa %7 gutxitu da, eta orain arte prestazio horiek jasotzeko aukera izan duten milaka pertsonari (immigrante eta ez immigrante) ukatu egin zaie eskubidea, eskakizunak aldatuta.

  • Porrot egindako enplegu eskumenak bereganatu ditu, Espainian erabakitako politikak onartzera derrigortzen duten arren eta Jaurlaritzari urtero kalte ekonomiko handia eragingo diotela jakinagatik.

  • Lanbide abiaraztea, egundoko antolakuntza nahastearekin; honen ondorioak herritarrek eta zerbitzu publiko honetako pertsonalak pairatzen dituzte, Diru-sarrerak bermatzeko Errentaren kasuan ikusi denez.

  • Paperik gabeko pertsonentzako arreta juridikorako zerbitzua (Heldu) kendu du.

ELAren iritziz, Gemma Zabaletak eskuin ekonomikoaren gustoko politikak egin ditu, irudi aurrerakoia ematen saiatuagatik (honetarako errealitatea ezkutatu izan du edota iritzi publikoaren aurrean gezurretan ibili da).