Gernikako Ospitalea ala Gernikako anbulategi handia?

2014/10/21
Urrian urtebete bete da Gernikako Ospitalea ireki zutela. Eskualdean inaugurazioaren aurretik propaganda ugari burutu zuten: Larrialdi zerbitzu integrala izango zuten, traumatologia eta pediatria barne, urtean 80.000 desplazamendu aurreztuko zituzten, hemodialisia egiteko beharrezkoak zirenak adibidez, eskualdeko beharrei aurre egiteko oheak izango zituzten etab. Errealitatea, berriz, oso bestelakoa izan da.

Ospitaleak gauez ez dauka garbiketa zerbitzurik, ematen diren gertaera ezberdinak, ondorioz, spray eta “enpapadore” bitartez burutu behar dituzte osasun langileek, horretarako inolako prestakuntzarik jaso ez duten pertsonak hain zuzen. Enpapadore hauen bitartez mantendu behar da gutxieneko garbitasuna jendeak oka egiten duenean, hau ezinezkoa da, noski.

Segurtasun zerbitzurik ere ez daukagu, ez publikoa ez pribatua, eta urtean zehar gertaera ezberdinak gero eta ugariagoak izan dira, zorionez kasu gehienetan ahozko erasoak izan dira, baina eraso fisikoak ere izan dira (zuzendaritzak honen berri izan du) eta langileak babesik gabe aurkitu dira egoera horietan.

Gauez ez dago laborategi zerbitzurik, ondorioz, langileek (mediku eta erizainek) makina portatil batzuen bitartez egiten dituzte analitikak ohean bertan, makina horiek ematen dituzten errakuntzek ez dute inolako segurtasunik ematen ez dutela kontuan izanik. Ondorioz, askotan analitikak Galdakaoko Ospitalera bidali behar izaten dituzte taxi bitartez.

Eguneko langile baten lanpostua aurreztearren (laborategi teknikari bat), analitikak taxi bitartez bidali behar izaten dituzte.

Langile falta kategoria guztietan ematen da: bai mediku, erizain, erizain-laguntzaile, administrari, zelari zein zerbitzu-beharginen artean, baina medikuen kasuan egoera muturrekoa da. Larrialdietan ari diren 13 medikuak inola ere ez dira nahikoak larrialdiak artatu ahal izateko. Gainera, orain arte zerbitzua indartzeko erabiltzen zuten sistema, lekututako zaintzaldia (Galdakaoko Ospitalean era indarrean dagoena, hau da, Gernikako erreferentziazko Ospitaleko sistema) desagertu egingo da borondatezko ordu extra sistema batengatik. Langile hauen ahaleginak beste sari bat merezi du, pediatria eta traumatologiako hainbat deribazio ekiditen ari dira eta, ordainetan, bere lan-baldintzak okertzen dituzte eta, gainera, bere protesten aurrean behin behineko langileak direla “gogorarazten” diete.

Ospitale hau urteko 20.000 gaixo artatzeko eraiki zuten, abuzturako jadanik ia 16.000 jaso dituzte, horietatik 3.000 umeak, baina zerbitzua ez dute neurri berean indartzen.

Oraindik ere bi solairu hutsik daudela gogorarazi nahi dugu, oheak izateko eta hemodialisia moduko zerbitzuak emateko prestatutako solairuak.

Ebakuntza txikiak egiten hasi dira (begietakoak kasu), hemendik gutxira traumatologiakoak eta gastroskopiak egingo dituzte eta urria bukatu baino lehen anestesia kontsultak egitea espero dute, baina oheratzea behar duten ebakuntzarik ezin da egin oherik ez dagoelako. .

Horregatik, ELAk bere buruari galdetzen dio Ospitale izendatu duten hori benetan hala den ala anbulategi handi bat besterik ez den.

Administrazio honek gezurra esan die herritarrei, zerbitzu bat saldu zieten eta Osakidetzak ez dauka zerbitzu hori eskaintzeko inolako asmorik. Urdaibain eta Lea-Artibain agindu zutena betetzea exijitzen dugu, eta horretarako behar dituzten langileak eta lan-baldintza egokiak bidera ditzatela.