HAUTESKUNDE SINDIKALAK

Gero eta jende gehiagok egiten du ELAren aldeko apustua

2023/07/12
Sindikatuak %40,79ko ordezkaritza du EAEn eta %23,24koa Nafarroan (guztira 8.920 ordezkari ditu, abenduan baino 103 gehiago). Datu horiekin (apirileko itxiera ofiziala), ELA Hego Euskal Herrian ordezkaritza handiena duen sindikatua da (%36,13).

Hauteskunde sindikalen aldi kontzentratua amaitzear dagoela, ELAk berretsi egin du EAEko langileen artean duen gehiengo zabala; izan ere, 2023ko apirilaren amaierako datu ofizialek EAEko ordezkaritza osoaren %40,79 eman zioten (2022ko itxieran bezala), eta %23,24 Nafarroan (%0,15 gehiago). Horrela, ELAk 8.920 ordezkari ditu guztira enpresetan, aurreko urtearen amaieran baino 103 gehiago, eta azken lau hilabeteetan ordezkari gehien gehitu dituen sindikatua izan da.

Horrela, ELAk Hego Euskal Herriko lehen indar sindikal gisa zuen abantaila sendotu du: “EAEn –Joseba Villarreal Batzorde Eragileko Hauteskunde Sindikalen arduradunak azpimarratzen duen bezala–, hurrengo bi sindikatuen (LAB eta CCOO) baturak ere ez du ELAren ordezkaritza lortzen; Nafarroan, berriz, ELA lehen sindikatua izatetik gero eta gertuago dago (UGTtik 89 ordezkarira baino ez dago)”.

Lurraldeekin jarraituz, ELAk gora egin du Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan; Araban gehiengo zabalari eutsi dio. Gainera, Hego Euskal Herri osoan, ELAk hiru federazioetan duen abantaila zabala sendotu du (%37,26ko ordezkaritza Industria eta Eraikuntzan; %33,88koa Zerbitzuetan; eta %36,90ekoa Gizalan-Zerbitzu Publikoetan).

Beste behin ere, langileek ELAren hautagaitzak babestearen aldeko apustu masiboa egin dute, aldi kontzentratu honetarako aukeratutako leloa ontzat emanez: ‘Benetako orduan... ELA’. Gainera, azpimarratu behar da ELAko ordezkarien %41 baino gehiago emakumeak direla, hau da, 2019an baino lau puntu gehiago. Progresio horrek sindikatua benetako genero-ekitatearen alde eta soldata-arrakalaren aurka egiten ari den lana babesten eta sendotzen du.

Sindikatuak eskerrak eman dizkie botoa eta konfiantza eman dioten milaka pertsonei, eta, aldi berean, publikoki baloratu du ELAko militantziak emaitza horiek posible izan daitezen egindako lana. Horren erakusgarri, Villarealek nabarmendu duenez, “emaitza onak lortu ditugu federazio eta eskualde desberdinetan. Sektore publikoan, lehen sindikatua garela berretsi dugu Bizkaiko Foru Aldundian, EAEko Justizia Administrazioan, Nafarroako Estatuko Administrazioan edo Gasteizko Udalean, eta, horrez gain, igoera handiak lortu ditugu. Are gehiago, Nafarroako Ultracongelados Virto, Wisco edo Lozys Pharmaceuticals bezalako enpresetan lorturiko emaitzak nabarmenduko nituzke”.

Nafarroa: lehen sindikatutik 89 ordezkarira

ELA 1.500 ordezkaritik gora finkatu da, eta Nafarroako lehen sindikatua izatetik 90 ordezkari baino gutxiagora dago. Imanol Pascual Nafarroako ELAko koordinatzaileak sindikatuak Nafarroan izan duen bilakaera nabarmendu du. 2022ko abuztuan lehen aldiz Nafarroan 1.500 ordezkari lortu zituela nabarmendu du, eta kopuru hori 2023ko lehen lau hilabeteetan finkatu dela. “Emaitza on horiekin”, Pascualek gogorarazi dio Chiviteri “oker zegoela Elkarrizketa Sozialean ez sartzeak garrantzi sindikala desagertzea zekarrela esan zuenean”. Askatasun Sindikalaren Lege Organikoan (LOLS) oinarrituta, 1.500 ordezkari lortu dituenez, Nafarroan ordezkaritza handiena duen sindikatutzat jotzen da ELA. Ikuspegi juridikotik, besteak beste, lanbide arteko eta gai zehatzetako akordioak sinatzeko legitimitatea dakar, eta estatutuetako hitzarmen kolektiboen negoziazio-batzordeetako kide izateko eskubidea.

Imanol Pascualek, urtez urte hazten ari den ELAren goranzko ibilbidea nabarmendu du, 2023ko apirilaren amaieran (eskuragarri dagoen azken datua) ordezkaritzaren %23,24 lortuz (1.524 ordezkari). Horrela, ELA sindikatua da lurralde osoan ordezkaritza homogeneoa duen erakunde sindikal bakarra. “Nafarroako eskualde guztietan, Erriberan barne, %20tik gorako ordezkaritza dugu. Azpimarratzekoa da ELA lehen sindikatua dela Iparraldean eta Iruñerriko industria sektorean”.

Bestalde, nabarmentzekoa da UGTk eta CCOOk ordezkatutako elkarrizketa sozialaren sindikalismoaren beherakada, sindikalismo errebindikatiboaren mesedetan. 2010ean, UGTk eta CCOOk ordezkaritza osoaren %55,59a zuten, eta orain %48,70a dute. 2010etik, ELA, Nafarroako lehen sindikatua izatetik 8,98 puntura egotetik 1,36 puntura egotera igaro da. Goranzko joera horren ondorioz, sindikatua lehen sindikatutik 89 ordezkarira eta bigarrenetik 56 ordezkarira dago.

Bestalde, Imanol Pascualek “legitimitate demokratikorik ez duen gizarte-elkarrizketaren aldeko apustua berriro planteatzeko” exijitu dio Nafarroako Gobernuari, “%50eko ordezkagaitasuna ez duten erakunde sindikalekin egiten baita; hala eta guztiz ere, Nafarroako Gobernuak 700 milioi euro bideratu ditu Enplegu Planera”.

“Egunero aurkezten gara Hauteskundeetara”

Amaia Muñoak, ELA idazkari nagusiaren albokoak, hauteskunde sindikalen balioa goraipatzen du. “Langile klasearen gehiengoak sostengatzen du ELAren apustua: lan eta bizi baldintzak hobetzea sindikatua jendearen zerbitzura jarriz, sektore eta lantokietan (pribatuetan eta publikoetan, hau da, herri administrazioetan) antolatzeko eta borrokatzeko gauza izan dadin. Lan horren emaitza dira azken hilabeteetan ELAk sinatutako lan hitzarmenak: Gipuzkoako Metalean, Merkataritzan eta Ostalaritzan edota Bizkaiko zahar etxeetan eta Arropa Merkataritzan langileek baldintza hobeak izango dituzte ELAri esker”.

Datuek erakusten dute “ELA dela lehen sindikatua, eta gainera ordezkaritza gero eta handiagoa du, bere ekintzak errealitatean eragiten duelako, eta ondorioz, jendearen bizimodua zinez hobetzen delako. ELAk hauteskundeetan egunero parte hartzen du, ehunka lantokietan; hor langileek ematen dioten sostenguak eta atxikimenduak erakusten du sindikatuaren hautua egokia dela: gero eta gehiago gara, gero eta gauza gehiago lortzen ari gara”.