Osakidetza
Gero eta langile gutxiago daude Uribe ESIko Etengabeko Arreta Guneetan

ELAk behin eta berriz azpimarratu du gaur egun pairatzen duten prekaritatearekin amaitzea dela profesionalak erakarri eta mantentzeko modu bakarra. Uste du Uribe ESIan gertatzen dena horren adibide argia dela. “Baldintza kaskar horiekin normala da profesional askok beste bide batzuk bilatzea, hala nola atzerrian lan egitea edo osasun pribatura jotzea”, dio ELAk.
Izan ere, eta Osasun Elkargoaren beraren arabera, 2021ean inoiz baino egokitasun ziurtagiri gehiago eskatu ziren atzerrian lan egiteko; guztira, 4.130. Eskaera gehien izan zituen espezialitatea etxeko medikuntza izan zen. Gainera, 2012tik, Osakidetzako medikuen kopurua %10 igo da; osasun pribatuan, berriz, %69.
ELAk dio kezkagarria dela Osakidetza asistentzia maila guztietan, eta bereziki Lehen Mailako Arretan, egiten ari den murrizketa politika. Horren ondorioz, langileek gehiegizko lan kargak dituzte. Hori dela eta, jende askok larrialdietara jotzen du. Urgentzietan, baina, profesional gutxi daude kategoria guztietan eta gainezka daude. Horrek guztiak eragin negatiboa du herritarrei eskaintzen zaien arretan.