Geurea defendatzea da erronkarik nagusiena

2009/10/07
ELAko 5.000 delegatu eta afiliatu inguru bildu da Bilboko La Casilla polikiroldegian. Ekitaldiaren ostean manifestazio batek Bilboko Gran Via zeharkatu du, Plaza Biribilean amaitzeko.

Lan Duinaren Nazioarteko Eguna dela-eta Europako Sindikatuen Konfederazioak egindako deiari erantzunez, ELAk amaiera eman dio urriaren 7an Aberastasuna Banatu kanpainari. Urte osoan zehar ELA bere ikuspegia gizarte osora zabaltzen saiatu da. Asteazkenekoa politika publikoen aldaketa behartzeko borroka bide bakarra dela berresteko aukera ezin aproposagoa izan da.
Adolfo Muñoz “Txiki” idazkari nagusiak azpimarratzen duenez, hazkunde ekonomikoaren 15 urtetan murriztu egin da laneko errenten parte hartzea aberastasunaren banaketan, eta orain, krisian gauden honetan, krisia langileok ordaintzea nahi dute. “Horretaz ohartaraztea eta jendeak hortaz hitz egitea lortu dugu ”.

Une honetan, gurea defendatzen jakitea dela gure erronkarik nagusiena, adierazi du bere hitzaldian. “Elkarrizketa soziala gobernu eta patronalaren aurpegia zuritzeko, euskal eremuan erabakirik ez hartzeko eta eredu sindikal otzana finantzatzeko erabiltzen da ”.

Idazkari nagusiak gogoratu du, gehiengo sindikalak proposatzen dituen hamar urrats “patronala eta gobernuen azpijokoa agerian uzteko ”. Era honetan, eztabaida soziala beharrezkoa zaigula guri dagozkigun erabakiak era demokratikoak har daitezen eta horretarako “sinaduren bilketa tresna egokia izango dela gure jendearengana gerturatzeko ”, gogoratu du.

Bestalde, Kontzertu eta Hitzarmen Ekonomikoak errenta altu eta kapitalaren mesedetan erabiltzen dutela. Guztiz antisoziala den erabilera ezkutatzen dutela, ekarri du gogora. “Agintean egoteko aukera dutenek trukagarriak dira gobernuetan, beti ere politika ekonomiko eta sozial berdinak egiteko. Denek ere patronalaren begirunea espero dute ”.

Ekitaldi honetan parte hartu dute ere, Amaia Muñoa, idazkari nagusiaren ondokoa, Joseba Villarreal, negoziazio kolektiboko arduraduna eta Mikel Noval, gizarte politiken arduraduna.

Villarrealek argi utzi du ELAk ez duela onartzen soldatak enpleguengatik aldatzea. “Tranpa da, soldatak jaistean lanpostuak galtzen direlako. Patronalak enpleguaren suntsiketa xantaia egiteko erabiltzen du. Ezin dugu lan baldintzetan murrizketarik onartu”.

Negoziazio kolektiboko arduradunak, diskriminazioen amaiera, soldatak duinak eta KPIaren gainetik soldata igoera nabarmenak aldarrikatu ditu. Era berean, prekarietateari aurre egin, enplegu egonkorra eta kalitatezkoa eta kontratazioan ematen den iruzurraren aurka jo beharra nabarmendu du.

Amaia Muñoz, idazkari nagusiaren ondokoak, elkarrizketa soziala kritikatu du. “Aberastasunaren banaketarekin zerikusia duten gaiak hasieratik kanpo gelditzen badira, erabaki guzti hauek beti irabazle bera izango dutela ontzat hartuz: patronala”.

Azkenik, Mikel Noval, arlo sozialetarako arduradunak, Euskal Erkidego Autonomoan eta Nafarroan gizarte gastuan Europako atzealdean gaudela, azaldu du.

“ELArentzat erreforma fiskala beharrezkoa da, baina ez Zapaterorena (BEZ igo eta 400 euroak kendu). Errenta altuei eta kapitalarenak direnei zergak igo behar zaizkie  PFEZn, Sozietateen Gaineko Zergan, Ondareko zergan.”..

Bestalde, Nafar Gobernuak 2009an aurrekontua %7 murriztu du. Eusko Jaurlaritzak 2010rako gastua %6an murrizteko asmoa duela, adierazi du. “Honela, atzeraldiaren apustua egiten da, gastu soziala murriztuz eta enplegua suntsituz. Guztiz behar ditugun kontrako neurriak, espresuki”.

Eguneko irudiak