Gezurrrak eta iruzurra Nicolas Correan

NICOLAS CORREAko zuzendaritzak Itziarko lantegia itxiko zuela iragarri zuenetik gatazkak bere horretan dirau. Enpresa Batzordetik lehenengo egunetik esan diogu zuzendaritzari iruzurra egiten ari dela eta kaleratze merkeenak bilatzen ari dela planteamendu honekin, benetako arazo ekonomikorik eduki gabe. Egin diren bost bileretan argi utzi diegu guk ez dugula negoziatuko ez Burgosera lekualdatzerik ezta kaleratzerik ere.
Nahiz eta enpresak esan digun ordezko plan bat aurkeztu dezakegula, ez digu denborarik ematen horretarako. Izan ere, legeak dioen bezala, hamabost eguneko epea dago. Enpresa gezurretan ari da: enpresak ez du nahi langileak Burgosera joaterik, eskaintzen dituen baldintzak barregarriak baitira; langileak ahalik eta merkeen kaleratzea da bere benetako helburua.
Otsailaren 7an enpresak amaitutzat eman du negoziazioen epea, eta, noski ez da akordiorik egon. Orain, PRECCOra jo beharra dauka arbitraje bat eskatzera, Gipuzkoako hitzarmenak horretara behartuta. Guk ez dugu halakorik onartuko.
Egoera aztertu ondoren, grebarekin eta mobilizazioekin jarraitzea erabaki dugu eta bi eskaera garbi egin nahi ditugu. Lehenik eta behin, instituzioei eskatzen diegu tamaina honetako iruzur baten aurrean beraiei dagokien papera jokatu dezatela, bertoko industria eta lanpostuen defentsan. Bigarrenik, zuzendaritzari eskatzen diogu aldebakartasunez ezarri nahi duen plana bertan behera utz dezala. Egin ezean, epaitegietara joko dugu iruzur hau salatzera.
Nicolas Correa enpresa-batzordea
2016/02/09