Gipuzkoako Adinekoen Erresidentzietako patronalek sektoreko hitzarmena negoziatzeko mahaia zapuztu dute

2022/06/13
Gipuzkoako Erresidentzietako patronalek eta sindikatuek LHKn egindako bilera guztiz zapuztu da patronalen jarreragatik. ELAk aurkeztutako proposamena baloratzeari muzin egin dio, sindikatuak aurreko bileran hala eskatu bazien ere, eta bi puntu kentzeko exijitu du. ELArentzat onargaitza da jarrera hori, eta agerian uzten du patronalen baldintzak hobetzeko eta negoziatzeko borondate eskasa. Gauzak horrela, ELAk sektorea bera eta bertako langile eta egoiliarren egoera duinduko duen hitzarmenaren alde borrokan eta greban jarraituko du.

Negoziazio mahaia martxan jarri zenetik 5 urte baino gehiago eta 258 greba egun igaro direla. Tartean egoera are gehiago larritu duen pandemiarekin. Hori dela eta, sektorean gehiengoa daukan ELA sindikatuak, Patronalak eta Gipuzkoako Foru Aldundia bilera batetara deitu zituen apirilaren 5ean; bi urtez etenda egondako negoziazioari berrekiteko. Gipuzkoako Foru Aldundia ez zen bertaratu, lau patronalak bai. Bertan, ELAk ea negoziatzeko borondaterik zuten galdegin, eta horretarako eguneratutako edukiekin proposamen berri bat mahai gainean jartzeko prest azaldu zen, patronalek beste hainbeste egin behar zutelarik.

Hainbat negoziazio mahairen ostean, maiatzaren 20ko mahaian jarri ziren proposamenak, ELAren presioari esker. Mahai hartan bertan, ELAk onartezintzat jo zuen Patronalen proposamena, hiru arrazoi nagusirengatik: 2017-2021 urte bitartean ez zen proposamenik, hurrengo urteetarako KPIa ere ez zen bermatzen eta ez zegoen soldata igoerez gain bestelako edukirik. Patronalak gaurko bilerarako balorazioa egitekotan geratu ziren.

Gaur, ordea, patronalek negoziazio eragotzi dute. Patronalek ez dute ELAk mahai gainean jarritako proposamena baloratu eta bi puntu erretiratzea exijitu dute, proposamenari erantzun eta eduki horien inguruan hitz egiten hasteko: sektoreko hitzarmenak enpresetako hitzarmenetara pasatzea eta aurreko urteetako atzerapenak baztertzea nahi dute. Beraz, gaurko mahaian argi geratu da patronalek ez daukatela inolaz ere Gipuzkoako erresidentzietako sektoreko hitzarmena negoziatzeko eta akordioetara iristeko inolako borondaterik. Beraz, negoziaketarako ELA sindikatuak irekitako aukera zapuztu dute.

Era berean, ELAk Gipuzkoako Foru Aldundiaren arduragabekeria salatu du. ELAk negoziaketa berraktibatu eta irekitako aukera berri hau aprobetxatu beharrean, beste aldera begiratu baitu, behin eta berriz dagokion ardura har dezan eskatu arren. Ezin dugu ahaztu sektorea eta bertako langile eta egoiliarrak bizitzen ari diren egoera ankerraren azken erantzukizuna Aldundiarena dela, eta berari dagokiola, hein handi batean, egoeraren konponbidea.