Gipuzkoako aldundiaren aberastasunaren eta fortuna handien gaineko zergaren berriena izena da
ELAren iritziz:
-
AFHZ-k, Ondareen gaineko Zergaren era berean, 700.000 euroko gutxieneko salbuetsia eta ohiko etxebizitzaren 300.000 euroko salbuespena mantentzen ditu.
-
Zerga berri honek hiru tarte berri ezartzen ditu, Ondarearen gaineko Zergaren egungo lau desagertzen direlarik. Proposatzen duten aldaketa honek zergaren progresibitatean du eragina. Ondarearen gaineko Zergak %0,20 eta % 2,50 arteko tipoak ezartzen ditu oinarri likidakorrentzat. Tipo maximoa 12,8 milioi euro baino gehiagoko oinarri likidakorrengan aplikatzen da. Zerga aldaketarekin ezarritako tipoak %0,25 eta % 1 bitartean daude, tipo maximoa 3 milioi euro baino gehiagoko oinarriei aplikatzen zaielarik. Beraz, progresibitatearen galera argia da.
-
Egun dagoen babes fiskala kenduko dute (PFEZa eta Ondareanren gaineko Zergaren kuota osoaren gaineko muga) eta enpresetan partehartzeak ez ditu salbuespen gisa onartuko.
Gogoratzekoa da, 2010ean bertan behera utzi zuten Ondarearen Gaineko Zergaren berjartzearekin 35,8 milioi euro bildu direla aurten. AFHZ berriarekin 44,6 milioi euro biltzea espero da, gaur egun baino 8,7 milioi euro gehiago. Bestalde, Gipuzkoak zerga honekin aurrikusten duen diru bilketa 2008an Ondarearen gaineko Zergarekin bildutakoa baino 10 milioi euro gutxiago da.
EAEko lurralde desberdinek 2008az geroztik Ondarearen gaineko Zergaren diru bilketan izan duten bilakaera ondoko izan da:
-
ARABA
BIZKAIA
GIPUZKOA
2008
18.563.000
106.146.000
56.600.000
2009
692.000
2.310.000
46.642.000
2010
-
-
-
2011
-
-
-
2012
12.805.000
56.678.000
35.999.000
Iturria: Eusko Jaurlaritza, OCTEren txostena
2008 urtea oinarritzat hartuz gero, hiru herrialdeetan Ondarearen gaineko Zerga indarrean egon zen azken urtea, ikusgarria da lau urtetan eman den diru bilketaren jaitsiera. 2008 eta 2012 urteen bitartean Araban diru bilketa %31a jaitsi da, Bizkaian %47a eta Gipuzkoan %36a.
Aurkeztutako zerga berri honek PSEren onarpena dauka, horrela Batzar Nagusietan proiektuaren baieztapena bermatzen delarik. PSEren bozeramaileak argi uzten du emendakinak aurkezteko asmoa. PFEZaren erreforman eta Ondarean gaineko Zergaren berrezarpenarekin gertatu zen moduan, orain ere pentsatu daiteke aurkeztu duten proiektuak aldaketa nabarmenak izatea eta espero duten diru bilketaren zenbatekoa gutxiago izango dela pentsatzea. Araba eta Bizkaiaren kasuan, ematen du ez dutela inongo aldaketarik proposatuko Ondarearen gaineko Zergan (egungo zerga mantentzea aukeratuko dutela ematen du).
Urte hasieran Batzar Nagusietan adostutako zerga aldaketekin esan genuen bezala, oraingo hauek ere ez dira batere esanguratsuak. Orduan Aldundiak zera esaten zuen: “Gipuzkoa gizarte-politikari dagokionez Europako herririk aurreratuenengana hurbilduko da, hots, fiskalitate sendo eta progresiboan oinarritutako sistema publiko indartsua duten horiengana”. Baina errealitatea erabat desberdina da, Gipuzkoa, Hego Euskal Herriaren antzera, urrun dago Europar Batasuneko batazbesteko %38,4ko presio fiskala izatetik eta horrela jarraituko du gaur egun aplikatzen diren politikak goitik behera aldatzen ez baditu. Egungo politikek lortzen duten bakarra HEHko langabezia eta gizartean ondorio latzen areagotzea da.
Orain arte aldarrikatu dugun era berean, ELAk Aldundien jarduna demokratizatu beharra aldarrikatzen du; eskumen garrantzitsuak kudeatu arren, beren jardunbidea definitzerakoan ez dago gardentasunik, ez gizartearen parte hartzea bideratzeko modurik. Aldundi batez ere ez du inolako partehartze prozesurik egin eragile sozial eta sindikalekin Ondarearen gaineko Zergaren erreformari heltzeko.