Gipuzkoako Aldundiari erantzunkizuna bere egin eta negoziazio errealaren alde egin dezala eskatu dio ELAk Gipuzkoako erresidentzietako 258. greba egunean

2022/05/19
Langileek manifestazioa egin dute hitzarmenaren negoziazioan aurrerapausoak eskatzeko; izan ere, patronalak ez du proposamenik aurkeztu, eta Aldundia ez da Negoziazio Mahaiaren bileretara joan ere egiten, sektorea diru publikoz ordaintzen bada ere. Gainera, Eusko Jaurlaritzak greba eskubidea urratzen jarraitzen du abusuzko gutxieneko zerbitzuak ezarriz

Gaur ELAko Gipuzkoako egoitzetako langileek 258. greba eguna egiten ari dira, eta manifestazioarekin atera dute protesta kalera, beste behin ere hitzarmen duin bat ahalbideratuko duen negoziazio erreala martxan jarri dadin eskatzeko. Bihar mahai negoziatzailea baitago, eta patronalari edukiak eraman ditzala eta Gipuzkoako Foru Aldundiari gatazka konpontzeko ardura bere egin, eta akordioaren alde lan egin dezala eskatu die sindikatuak.

Negoziazio mahaia martxan jarri zenetik 5 urte baino gehiago igaro direnean eta lau urteko gatazkaren ondoren, ELAk berretsi du negoziazio erreal bat martxan jartzeko bere borondatea eta konpromisoa. Gogoratu dezagun ELAK patronala eta Aldundia bilera batera deitu zituela negoziazio berraktibatzeko. Aldundia ez zen azaldu, ordea, nahiz eta erresidentzietako gehiengoak diru publikoa jasotzen duen eta bera izan azken erantzulea. Bilera haren emaitza izan zen bi urteren ondoren negoziazio mahaia berriro martxan jarri zela. Gerora izandako beste bileran, aldiz, ez zen aurrerapausorik egin: patronalak negoziaketa blokeatzen jarraitzen du, proposamenik aurkeztu gabe. ELAk, sektorean %60tik gorako ordezkaritza daukanak, behin eta berriz edukiak aurkeztu ditzala eskatuta badio ere.

Bestetik, azken bi urtetan pandemiaren aitzakia erabiliz, Eusko Jaurlaritzak egoitzetako langileei greba eskubidea ukatu die, eta beste fase batean egonagatik ere, gehiegizko gutxieneko zerbitzuak ezarri ditu berriro gaurko grebarako, langileen greba eskubidea urratuz. Gainera, gaurko greba oztopatzeko Jaurlaritzak gutxieneko zerbitzuen agindua atzo 15:00ean igorri zion sindikatuari, araua bera errespetatu gabe.

ELAk argi utzi nahi du negoziazio erreal baterako borondaterik ez badago, mahaia utziko duela.

Guztia, ELAk behin eta berriro salatu duen moduan, egoera gero eta larriagoa eta jasangaitzagoa denean Gipuzkoako adinekoen egoitzetan. Pandemiak eta bere ondorioek lehen prekarioak ziren lan baldintzak okertzea besterik ez du eragin. Guzti horren aurrean, gero eta agerikoagoa da langileen lan baldintzak eta sektorea orohar duinduko dituen hitzarmen baten beharra. Baita ratioak hobetzearen beharra ere.