Gipuzkoako Aldundiko Bide Azpiegitura Sailak aurrerantzean Eraikuntza Hitzarmena betetzea eskatuko du

2010/06/02
Eskakizun berri hori jasoko duten lehenengo baldintza-orriak Hernaniko saihesbidea erdibitzearenak, eta Urretxu-Antzuola errepide berriarenak izango dira.

ELAk errekerimendua egin zion Foru Aldundiari, herri-lanetako enkanteetan eraikuntzaren bertako hitzarmena aplikatzeko eskakizuna sartzeko; eta horri erantzunez, Bide Azpiegitura Sailak esan digu aurrerantzean kontratistaren eginbeharren artean hori ere sartuko dela, eta gainera baldintza hori beteko delako zinpeko adierazpena eskatuko dietela.

ELAren ustez, Eraikuntzaren Hitzarmen Kolektiboa ez aplikatzearen ondorio txarrak dira sektorearen arazorik larriena; hori dela-eta, oso ongi deritzogu Bide Azpiegitura Sailaren erabakiari.

Emandako pausoa beharrezkoa bazen ere, ez da nahikoa izan. Hartu berri den erabakia Foru Aldundiaren menpeko sail eta sozietate publiko guztietara hedatu beharko zen; eta, gainera, jarraipen-sistemaren bat ezarri beharko zen, enpresek hitzarmena benetan betetzen duten ala ez ikusteko. Horregatik, Foru Aldundia premiatzen dugu, behar diren akordioak eta prozedurak albait azkarren abian jar ditzan.

Era berean, Eusko Jaurlaritzari, EUDELi eta udalei eskatzen diegu beste horrenbeste egiteko, hots, herri-lanetako enkanteetan lurralde bakoitzeko eraikuntza-hitzarmena aplikatzeko derrigortasuna barne hartzeko.

ELArentzat ezinbestekoa da sektorearen hitzarmen kolektiboan konpromiso bat sartzea, eraikuntzako langileen baldintzak probintziako hitzarmen kolektiboan jasota daudenak izan daitezen; eta hitzarmen hori loteslea izatea herri-erakundeentzat eta Gipuzkoan diharduten enpresentzat, ezperen zehapenak edo zigorrak ohartarazita.