Gipuzkoako Arte Grafikoetako hitzarmena negoziatzeko patronalen borondate eskasa
Hitzarmena negoziatzeko lehen bilera apirilaren 15ean egin zen. Bilera hartan sindikatuetako bakoitzak bere ordezkaritza egiaztatu zuen. Patronalak ez du hori inoiz egin, eta bada garaia egiten hasteko.
ELAk Precoren Batzorde Parekidearen baitan, 2014ko ekainean, proposatu zien sindikatuei eta patronalari ordezkaritzaz aritzeko eztabaida bat, eta horren barruan bakoitzaren ordezkaritza egiaztatzeko metodo bat ezartzeko beharra. Eztabaida hori ez da inoiz egin; eta, Gipuzkoako Arte Grafikoen Hitzarmenaren negoziazioan gertatzen den bezala, arazoa konpondu gabe dago.
ELAk exijitzen dio Eusko Jaurlaritzari sistema bat taxutzeko, eta patronalaren ordezkaritza egiaztatzeko. Horrela, beste garai batzuetan zenbait patronali emandako ordezkaritzarekin behingoz bukatuko dugu.
Ez da onargarria patronala ustezko ordezkaritza horretaz baliatzea negoziazio kolektiboa blokeatzeko, eta beste patronal batzuen presentzia alboratzeko. Premiazkoa da Eusko Jaurlaritzak arazo horretan esku hartzea.