Gipuzkoako Arte Grafikoetako langileak grebara joango dira lau egunetan

2022/09/16
Patronalaren eskaintza onartezina denez, irailaren 27 eta 29n eta urriaren 4 eta 6an greba egingo dute hitzarmen duin baten alde.

Gipuzkoako Arte Grafikoetan, negoziaketa erabat blokeatuta dago maiatzetik. Urte hasieran aurkeztu zen plataforma, eta orduz geroztik lau bilera egin dira Adegi patronalarekin. Bilera hauek erabat antzuak izan dira. ELAren ustez, Patronalak egindako eskaintzak erabat onartezinak dira. Sindikatuak argi utzi du KPIa bermatzen ez duten edukirik ez duela onartuko. Hau guztia dela eta, LABekin batera, irailaren 27,29 eta urriaren 4 eta 6an grebara joango direla jakinarazi dute.

Hau publiko egiteko, elkarretaratze bat egin dute gaur SAM enpresaren aurrean (Tolosa). Eta hurrengo asteartean, irailak 20an, berriz kontzentratuko dira Corenso Tolosana enpresaren aurrean. ELAk Gipuzkoako Arte Grafikoetako langile guztiei dei egiten die greba egunetan egingo diren mobilizazioetan parte hartzera.