Gipuzkoako Batzar Nagusietan salatu du ELAk segurtasun, lan baldintza eta zabor kudeaketarako araudia ez dela betetzen autobideetako mantenuan

2022/12/01
Azpikontratatutako enpresen egoera ikertzea ere eskatu du sindikatuak, eta administrazio publikoak berak araututako kontratazio zuzenaren alde egin du.

Gaur goizean, ELA sindikatuak agerraldia egin du Gipuzkoako Batzar Nagusietan, AP-1 eta AP-8ko tuneletako mantentze elektrikoko langileek bizi dituzten irregulartasunak salatzeko. Sindikatuaren iritziz, ez da onargarria lan-baldintzak, segurtasun neurriak, ingurumen-araudia eta administrazio-pleguan ezarritakoak etengabe urratzen jarraitzea, bereziki, Aldundiaren funtsezko zerbitzu publikoa izanik autobidearena. Hori guztia, gainera, diru publikoarekin espekulatzeko baino balio ez duen azpikontratazio-sare baten bidez.

Zazpi hilabeteko greba eta gero, konponbiderik ez

Aspalditik pairatzen zituzten lan-baldintza prekarioekin eta iruzurrekin nekatuta, maiatzaren 1ean hasi zuten greba UTE ITS enpresako langileek. Gipuzkoako errepideetan oso ohikoa den azpikontrata egoerak bultzatu zituen langileok greba egitera.

ELAk egoera ikertzeko eskatu die batzarkideei, greban dagoen enpresarekin eta zerbitzu publiko horretan azpikontratatuta dauden beste guztiekin gertatzen dena behingoz ezagutzera emateko.

Ondorio larriak

Egungo egoerak sortu dituen kondizio onartezinak hurrengo lau puntuetan laburbildu ditu sindikatuak:

Administrazio-pleguan agertutako lan-baldintzak ez betetzea: kategoriak direla, prestakuntza dela, segurtasuna dela… Gainera, langileak behartuta daude kontratuak barne hartzen ez dituen lanak egitera.

Lan-segurtasuna ez bermatzea, arrisku larria sortuz bai langile eta bai erabiltzaileentzat.

Lan-bilgailuak homologatuta ez egotea. Izatez, IATa gainditu ez duten eta akats larriak dituzten ibilgailuak erabili behar dituzte langileek, horrela, bizitza eta osotasun fisikorako eskubidea urratua izanik.

Errepideetako hondakinak behar bezala ez kudeatzea, legez kanpoko zabortegien kasuan bezala.

Segurtasuna beste ezeren gainetik

ELAk erantzunak eskatu ditu eta zerbitzu publikoak eredugarria behar duela esan du. Lan-munduko eta errepideetako segurtasuna bermatuko dituen lan baldintza duinak exijitu ditu sindikatuak.

Horregatik, beharrezkotzat jo du ELAk iruzurra helburu duen egungo azpikontratazio-sarearekin amaitzea eta administrazio publikoak berak araututako kontratazio zuzenaren alde egitea.