Gipuzkoako DIAko langileak mobilizatuko dira enpleguaren eta lan-baldintzen alde, enpresak 10 denda Alcampori saldu ondoren

2022/11/18
Gipuzkoako DIA supermerkatuetako enpresa-batzordeak, ELA, Fetico, CCOO, LAB eta UGT sindikatuek osatutakoa, hainbat mobilizazio eta elkarretaratze deitu ditu azaroaren 18tik abenduaren 5era. DIAk Alcampori 10 denda saldu dizkio eta 200 pertsona ingururen enpleguak eta lan-baldintzak bermatu nahi ditu Batzordeak, bai eta salmentaren inguruko informazioa jaso.


Sindikatuek salatu dutenez, uda aurretik izan zuten salerosketaren berri, baina DIAren zuzendaritzak ez die informaziorik eman nahi izan. Izan ere, salmenta prozesuaren inguruan irailaren 19an bidalitako oharra sindikatuei igorri beharrean afektatutako dendei bidali zioten zuzenean. Oharrean, salerosketaren inguruan xehetasun gehiagorik ezin zitzaiela eman esan zieten dendei, bai eta komunikazioa banan-banakakoa izango dela.

Egun berean, irailaren 29an, izan zen zuzendaritza eta Batzordearen arteko lehen bilera, baina DIAk ez zuen informaziorik eman. Are gehiago, Batzordeak ez zuen jakin noiz aldatuko zuten zein denda harik eta Alcampoko langileek kaltetutako denda batzuk bisitatu zituzten arte.

ELAk, Feticok, CCOOk, LABek eta UGTk salatu dute DIAk informaziorik eta babesik gabe utzi izana langileak. Eta enpresako zuzendaritzari egotzi diote sortutako ziurgabetasun-egoeraren errua. Batzordeak gutuna bidali dio enpresari, salerosketen informazioa arautzen duen Langileen Estatutuaren 44. artikuluan oinarrituta, baina ez du DIAren inolako erantzunik jaso.

auzak horrela, Gipuzkoako DIA supermerkatuetako enpresa-batzordeak mobilizazio batzuk deitzea erabaki du, informazioa exijitu eta salerosketan parte aktiboa izateko eskubidea eskatzeko. “Ikus gaitzaten lortuko dugu. Presioa egingo diogu enpresari eta elkartuta gaudela erakutsiko diegu. Babesik gabe langile bat bera ere ez dela geratuko ikusiko dute. Kontutan har gaitzaten nahi dugu. Adarra ez digute joko”, aiderazi dute.





Hauxe da DIA denden aurreko kontzentrazioen egutegia:



Azaroaren 18an:


*10: 00etatik 11: 00etara, Hernanin,

*11: 30etik 12: 30era, Astigarragan.

Azaroaren 23an:

*10: 00etatik 10: 30era, Hondarribian.


*11: 00etatik 11: 30era, Irunen.


*12: 00etatik 12: 30era, Pasaian.

Azaroaren 30ean:


*10: 00etatik 10: 30era, Arrasaten.

*11: 00etatik 11: 30era, Bergaran.
*12: 00etatik 12: 30era, Elgoibarren.


Abenduaren 5a:


*10: 00etatik 10: 30era, Legazpin.


*11: 00etatik 11: 30era, Ordizian.